Atez atekoaren aldeko konpromisoa hartu dute Oñatin ere

Mireia Bikuña 2012ko martxoaren 30a

Oñatiko Udalak atez atekoaren aldeko bidean beste urrats bat eman du: martxoko osoko bilkuran "emaitza onenak lortzen dituen hiri hondakinen bilketaren, atez atekoaren, aldeko konpromisoa" hartu zuen mozio bidez. Bilduk alde bozkatu zuen eta EAJk kontra. "Udal Gobernuak aurrez egin behar zuena, eta ez egin ez duena da, prozesu bat martxan ipini, eta ikerketa ekonomiko-finantzarioa egin atez atekoaren eragina baloratzeko", esan zuten jeltzaleek.

Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioan, Debagoieneko Mankomunitatearekin batera "hondakin gutxien sortzeko azterketa abiarazi eta familien artean konpostatze kanpaina egitea" eskatzen zen. "Oñatiarrok arazo bat daukagu hondakinekin: ez dugu organiko gramo bakar bat ere biltzen modu berezituan. Arazo bat daukagu, baina konponbidea ere bai: hondakinen murrizketari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari ekingo diogu. Oñatiko errekak, mendiak eta airea garbi nahi ditugu", esan zuten. 

Horren harira zera erantzun zuen Lourdes Idoiagak, EAJren izenean: "Oñatiko Udalak behin eta berriz eskatu zuen organikoa batzeko bosgarren edukiontzia martxan jartzea. Baina aurreko agintaldiko mankomunitateak ez zigun aukerarik eman. Eta guk ere Oñati garbi bat gura dugu. Erabat ados gaude zabor gutxiago sortu behar dugula, konposta egitea bultzatu behar dugula, eta zero zabor bidean jarri, ahalik eta gehien birziklatzeko. Eta hori guztiori bosgarren edukiontziarekin ere egin daiteke, nahiz eta borondatezko sistema izan", esan zuen.

Galdeketa egitea 

EAJk ere zabor bilketari buruzko mozioa aurkeztu zuen. "Atez atekoaren kontra gaude", "atez atekoa atzerakada da", eta "zabor bilketa sistemak eztabaida sortu du eragile, alderdi politiko eta herritarren artean" aipatzen zuten jeltzaleek mozioan; eta eskaera zehatza egiten zioten udalbatzari: "herritarrok atez ateko bilketa sistemaren inguruan dugun iritzia jakiteko galdeketa eskatzen dugu. Helburu horrekin, galdera argia eta nahasmenari tarterik uzten ez diona egitea eskatzen dugu: Oñatin atez ateko sistema ezartzearen aldekoa zara? Bai ala ez?".

Horren aurrean, erantzun egin zuen Iosu Lizarralde zinegotziak: "Galdera hori oso sinplista da, arazoari konponbidea ematen dion irtenbideak planteatu barik. Galdeketari dagokionean, nik beste galdera bat egingo dut: zilegi al da herritarren osasuna arriskuan ipintzen duen galdeketa egitea?". Bilduk ez zuen mozioa onartu.

"Ez garela pedagogikoak?" 

Bildu udal taldeak erreferentzia egin zion EAJko etxez etxe banatu dituen triptikoei. "Diozue pedagogiaren bidez lortzen direla emaitzak. Ez garela pedagogikoak? Atez atekoaren batzarretan 657 herritar egon dira, eta askok esan digute batzar pedagogikoak izan direla", esan zuen Lizarraldek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak