Oñatiko Gazte Asanblada 2004an sortu zen gaztelekuan. "Hainbat ekimen antolatu genituen, baina berandu baino lehen udaletxearen oztopoekin eta murrizketekin egin genuen topo. Talde hark autokudeaketarako izaera zuen eta udaletxearen interesekin talka egiten zuenez, bide propioa hastea erabaki genuen. Gure jarreran tinko mantentzeak garai gatazkatsuak ekarri zituen: okupazioak, manifestazioak, epaiketak...", gogoratu dute.
"Autokudeaketan sendo"
Gaztetxea gaztelekuan egon da, Kasablankan, Portu tabernan alokairuan eta azken hiru urtean San Martinen egin dituzte. "Orain, denboraren talaiatik begiratuta, konturatzen gara, agian, San Martingo etxeak ez dituela gaztetxe baten baldintzak betetzen, kokapenari eta tamainari dagokionean. Baina, ordu hartan, egin genezakeen zuzenena zela uste dugu", esan zuten.
Indarra galdu
Horretaz gain, Gazte Asanbadak azkeneko urteotan indarra galdu duela ere aitortzen dute: "Parte hartzeari dagokionez, azken hiru urteotan ikusi dugu Asanblada –autokudeaketaren motorea izan beharko lukeena– nola joan den murrizten eta murrizten, 60 pertsonako asanbladak izan dira, baita 10ekoak; azkenean lau katu geratu garen arte". Hala ere, "somos los mismos que cuando empezamos".
Hori guztiori kontuan hartuta "ulertzen dugu ez ditugula Oñatiko gazteak minimoki ordezkatzen. Maiatzeko hausteskundeen ondoren udal gobernuan egondako aldaketak, testuinguru berri baten aurrean jartzen gaitu. Gazteen artean mugimendu berriak sortzen hasi dira, haize-zurrunbilo berrien erakusgarri", esan zuten.
Horren harira zera eskatu dute: "Oñatiko gaztetxeak herrigunean izan behar du kokapena, eta Oñatiko Gazte Asanblada anitza eta parte-hartzailea izan behar da gazteen ordezkaria izateko".