Herrijorran egitasmoaren webgunea abian du Oñatiko Udalak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko otsailaren 9a

Sarean eta denon eskura dago Herrijorran proiektuaren webgunea. Oñatiko Udalak "Gobernagarritasun berri bat bilatu nahian ordezkaritza bidezko demokraziaren funtzionamendua indartzeko" abiatutako proiektua da Herrijorran, Oñatiko Bilduren Udal gobernutik diotenez.

"Ezinbestekoa da harremanetan oinarritutako gobernu bat garatzea, gai publikoetan herritarrek esku har dezatela sustatuko duena" dio Josu Lizarraldek, herritarren parte hartzeaz eta Udal gobernuaren komunikazioaz arduratzen den zinegotziak.

"Harremanetan oinarritutako gobernua"

"Funtsezkoa da harremanetan oinarritutako gobernu hau bere helburuak betetzera eraman dezaketen estrategiak zehaztea eta estrategia horren parte da Herrijorran proiektu hau ere".

"Gizarte erronkak"

"Gizarte-erronkak gero eta konplexuagoak dira aldaketa handiko gizarte honetan, eta hainbat gairi aurre egin behar izaten die, esaterako: gizartearen bizikidetza, kultur jatorri oso desberdinetako herritar berrien integrazioa, ingurumenaren erronkak, ekonomiaren dinamismoa, ikuspegi eta interes desberdinak alderatzen dituelarik eta kudeaketa-modu berriak eskatzen dituelarik, eta halaber, esku hartzen duten eragileen eginkizun berriak".

"Gobernatzeko era berriak"

"Proiektu honen bitartez herritarren partaidetza garatzearen eta kudeatzeko eta gobernatzeko mekanismo berri eta hobeak sustatzearen alde asmo garbia eta sendoa erakusten dugu".

Helburuak

Hauek dira Herrijorran proiektuarekin eta webgunearekin Oñatiko Udal gobernuak lortu nahi dituen helburuak:

  • "Herritarren eta tokiko gobernuaren arteko harremanak hobetzea".
  • "Herritarrek politika kudeatzeko orduan partaidetza zabalagoa edukitzea".
  • "Informazio gehiago, partaidetza gehiago eta gardentasun gehiago eskaini".
  • "Tokiko gobernu eta herritarren arteko koordinazio gune izan".

Zeini zuzenduta?

Oñatiko Udal gobernuak "borondate politiko garbia du" herriko eragileek eta herritar norbanakoek bere udal bizitzaren kudeaketan "parte har dezatela ahalbidetuko duten bide berriak sortzeko". Beraz, bi norabidetan zabaltzen da proiektuaren erabiltzaileak:

  • Batetik, Udal gobernua: "Kontuan izanik gobernuek eta, bereziki, tokiko gobernuek ezin diezaieketela berek bakarrik aurre egin geure aurrean topatzen ditugun gizarte-eraldaketa konplexu guztiei, ahalik eta erabaki egokienak hartze bidean herritarren eta eragileen asmo eta iritzia jakiteko bidea izango da Herrijorran proiektua".
  • Bestetik, herriko eragile eta norbanakoak: "Uste dugu herritarrek zerbitzu publikoen bezero baino gehiago izan behar dutela, erantzukizunak eta konpromisoak hartu behar dituzte beren herrietako gobernagarritasunari begira, eta herriko bizitzan parte hartzeko eskubidea gauzatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak