12 urtez zinegotzi. Nolatan heldu ziren Udalera?
Orduan, Oñatiko Caritasen nengoen lanean, eta askotan joaten nintzen Udalera laguntza eta diru bila eta proiektuak aurkeztera. Angel Iturbek, alkatetzara aurkeztu zen lehen urtean, proposatu zidan zerrendan joatea. "Diru eske etorri ordez, zatoz lanera", esan zidan. Caritasekin laguntza eske joaten ginenean, Angel zen batzordeburu. Etxekoekin kontsultatu, eta baiezkoa eman nuen.
Esango nuke zinegotzi izan zinen garaiko oroitzapen ona duzula?
Bai, zalantza barik. Oso aberasgarria da udal jarduna. Hiru agintalditan Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu izan nintzen eta herritar askorekin izan nuen hartu-emana. Gainera, beste hainbat batzordetako kide ere izan nintzen eta aukera izan nuen elkarte, kolektibo eta pertsona asko ezagutzeko.
Oroitzapen onak ditut, bai udal langileekin eta teknikariekin izandako jardunarekin, baita gainerako alderdietako zinegotziekin izandakoarekin.
Hiru agintaldi egin zenituen.
Nik bete ez nuen arren, beti pentsatu izan dut bi agintalditan behin aldatu egin beharko liratekeela politikariak. Zortzi urtetik zortzi urtera, pertsona berriak, ideia berriak sartzea ezinbestekoa eta onuragarria dela uste dut. Izan ere, pentsamendu politiko bat edo beste izan, aldatzea komenigarria da. Nik uste dut ekarpen interesagarriak egin ditzakeela Udalera heldu berri den pertsona batek.
Bai, baina zuk hiru egin zenituen?
Hala da. Lehen urtea oso gogorra izan zen. Ez genuen dirurik eta Udalak 40ko zorpetze maila zuen. Izugarri handia. Hark agintaldi osoa baldintzatu zigun. Bigarrena hala-moduzkoa izan zen eta hirugarrena ona. Zortzi urte nahiko txar pasata, hirugarren agintaldira aurkeztea erabaki nuen.
12 urte haietan abian jarritako ze proiektu azpimarratuko zenituzke?
Eguneko zentroa, zaharren egoitza handitzea, Txiki Txoko haurreskola, Pake Leku eraberritzea, etxebizitza sozialak, eta Gizarte Zerbitzuak Bidebarrietan duen bulegoa. Horiek abian ipini ziren. Ni irten nintzenetik, eraikin horietan berrikuntzak, lanak eta beste egin dituzte.
Arautegi batzuk ere ipini genituen abian: hirugarren munduarendako laguntzak zehazteko arautegia eta presoen senideei bidaietarako laguntzak emateko arautegia. Lehenak izan ginen arautegi hori egiten. 1998an egin genuen. Gainera, emakumeendako ikastaroak antolatzen hasi ginen eta drogamenpekotasun prebentzio zerbitzua ematen hasi ginen Agipad-ekin.
Lehen agintaldian etxerik etxeko zerbitzua ematen zuten langileekin enpresa bat sortu genuen. Banaka egiten zuten lan, eta ikusi genuen elkarrekin lan eginez euren baldintzak asko hobetuko zirela.
Asko aldatu da herriaren egoera politika utzi zenuenetik?
Bai. Maiatzean bederatzi urte beteko dira udal jarduna utzi nuenetik. Zinegotzi izan nintzen urteetan asko aldatu zen Oñati, eta ordutik gaur egunera arte, ere bai. Gainera, esango nuke aldaketak hoberako izan direla.