Horrelakoetan oso ohituta gaude entzutera: "Ez nuen irabazterik espero". Zure kasuan ere horrela izan da?
Ba bai. Erdi bukatuta neukan ipuin bat da, duela pare bat urte lanetik etxerako bidean trenean idatzi nuena. Azken orrazketak falta zintzaizkion eta lehiaketa ikusi nuenean pentsatu nuen aitzakia ona zela ipuina bukatzeko. Saria sorpresa polita izan da eta ilusio handiarekin jaso dut.
Zein da ipuin sarituan kontatzen duzun istorioa?
Ez dago argi dauka izena eta misterio bat argitu behar duen neskatila baten ibilerak kontatzen ditu. Hamaika urte ditu eta Mireia du izena. Argi baten misterioa argitu behar du, zergatik dagoen beti piztuta. Kuriosoa da ideia hori nola sortu zitzaidan. Kontua da etxeko leihotik argi bat ikusten nuela gauez, pareko leiho batean. Beti zegoen piztuta, begiratzen nuen bakoitzean, ordu guztietan. Han zein bizi zen imajinatzen hasi nintzen eta horrela ipuina sortu zen. Oraindik ez dakit zein den etxe hartan bizi dena, baina ez dut jakin nahi, bestela ez legoke-eta misteriorik.
Goienako kolaboratzailea zara. Zure iritzi artikuluak irakurrita, baduzu idazteko era berezia. Ipuin sarituan antzematen da estilo hori ala ez dauka zerikusirik?
Berez, ez dauka zerikusirik, baina esaldi motzak erabiltzeko joera daukat eta hori oso ondo egokitzen da gazteen literaturara; erraz eta lehenengo irakurraldian ulertzeko moduko esaldiak izan behar dute. Hori, beharbada, mantentzen dut. Horrez gain, Mireiaren familia berezi samarra da, ama artista da eta amama hippy izandakoa, eta askatasunari buruz, aurreiritziei buruz modu moralistan hitz egiten da. Dena dela, ez, ez dauka nire iritzi artikulu batekin zerikusirik.
Zer desberdintasun ikusten dituzu iritzi artikulu baten eta ipuin baten artean?
Idazten disfrutatu egiten dut, baita kazetari lanekin ere: gustuko erreportajeak direnean eta iritzi artikuluak idazten, adibidez. Baina literatura baldin bada, are gehiago: zuk gura duzuna asmatu ahal izatea itzela da. Imajinazioa martxan jarrita, dena da posible. Ez dago mugarik.
Ze iritzi daukazu literatura lehiaketen gainean?
Egia esan, ez naiz oso lehiaketazalea, baina esan behar da aitzakia polita direla data ipini eta gauzak amaitzeko. Esan bezala, ez nuen espero lehiaketa hori irabaztea, eta are gutxiago aurreko urteetan nork irabazi duen ikusita.
Aurten irabazle izanda, datorren urtean epaimahaiko kide izango zara. Non erosoago, idazten ala epaimahaian?
Zalantza barik, idazten. Tokatzen bazait gustura egingo dut, baina uste dut oso zaila izan behar duela. Bi ipuin oso ezberdinak izan daitezke eta biak gustatu. Non eta zein momentutan irakurtzen duzun ere eragin dezake.
2011 oso urte emankorra izan da zuretzako, ezta?
Denetik egin dut amaitu berri den urtean. Donostiako Larrotxenea kultura etxean gidoigintzako ikastaroa egin nuen; Aita antza film laburra zuzentzeko aukera izan nuen; Amantalen ahotsa proiektuan parte hartu nuen, baita Gerrako garrak Oñatin liburuan ere. Lizardi sariko ipuina ere bai... Emankorra, bai. Sormenarekin lotutako dena gustatzen zait, eta horregatik sartzen naiz mila saltsatan.