Nerea Zubia: "Ideiak eta egitasmoak partekatu... Uemako kide izatea aberasgarria da"

Mireia Bikuña 2012ko urt. 21a, 10:00

Oñatiko Udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Uema) sartzea erabaki du. Hori horrela, 2012ko aurrekontuetan 15.000 euro gorde ditu Euskara, Hezkuntza eta Haurrak batzordeko partidan. Erabakiaren zergatiak eta helburuak jakiteko, Nerea Zubia zinegotziarekin egin dugu berba.

Zer da Uema?

Euskal Herrian Euskaraz erakundearen ekimenari erantzunez hainbat udalek 1988an sortutako erakundea da. Euskararen erabilpena normalizatzeko udal arautegia onartu zuten. 2011n 61 udalerri ziren Uemako kide. Gehienak gipuzkoarrak dira, banaka batzuk bizkaitarrak eta nafarrak eta bakarra arabarra: Aramaio.

 

Udalak Ueman sartzea erabaki du. Zergatik?

Hauteskundeetarako herri programa egiten hasi ginenean, Ueman sartzeko aukera aztertu genuen. Ondoren, hainbat tailer egin genituen eta guztietan proposamen bera egin genuen. Aurrekontuak herrijorran egitasmoa egin genuenean ere, Ueman sartzeko gaia landu genuen herritarrekin. Hori horrela, erabakia hartu genuen.

 

Ze baldintza bete behar dira Ueman sartzeko?

Baldintza nagusia da herritarren %70 euskaldunak izatea, eta Oñatik baldintza hori aise betetzen du. Bestalde, bat egin behar da Uemak dituen helburuekin.

 

Zeintzuk dira helburu horiek?

Hiru dira: udalerri euskaldunen biztanleek euren bizitza soziala, laborala, pribatua-eta euskaraz egin ahal izateko bideak topatzea; euskara nagusi den lur-gune bat topatzea, non Ueman gauden herri guztiok batera lan egingo dugun; eta udalerri euskaldunetan kultura sustatzea. 

Bat egiten dugu hiru helburuekin; hala, oso garrantzitsua da egituratuta dauden udalerriekin bat egitea. Indarra izateko eta plangintza zehatza egiteko elkarrekin lan egitea ezinbestekoa da. Oso garbi daukagu Uemako kide izatea oso aberasgarria izango dela: ideiak eta egitasmoak partekatu eta ekarpenak egiteko aukera ezin hobea izango da.

 

Erabakia hartuta, ze puntutan zaudete orain?

Oraingoz, erabakia hartu dugu, baina lana daukagu aurretik. Hasi besterik ez gara egin.

 

Ze onura ekarriko dizkio Uemak Oñatiri?

Uemak duen plangintza bateratuan badaude onurak ekarriko dituzten egitasmoak: merkatariendako proiektuak, etorkinak euskarara hurbiltzeko egitasmoak, eta abar.

Oñatiko Udalean badago euskararen alde egiten duen batzordea, eta halako ekimenak abian ipintzen ditu. Alor horretan guk aspaldi eman genuen pauso hori. Oraingo pausoa emango dugu ezaugarri antzekoak dituzten udalerriekin bat egiteko eta haiengandik ikasteko. 

 

Oñatiko Udalak ze konpromiso hartzen ditu?

Behin Ueman sartuta plangintza bat egingo dugu, eta Oñatitik kanpora eta Oñatin bertan egin daitezkeen ekimenak jasoko ditugu: euskara sustatzeko edo erabilera bultzatzeko.

Plangintza horren arabera, helburu zehatzak finkatuko ditugu. Uemako teknikariek, gainera, guk emandako pausoen jarraipena egingo dute.

 

Udalak 15.000 euro gorde ditu aurrekontuetan Uemarako sarrera egiteko.

Bai, hala da. Herritarrei azalduko diegu zertarako den diru hori. Uemaren gaineko ekitaldi irekiak egingo ditugu: kafe-tertuliak, hitzaldiak...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak