Angela Melville: "Jasan duen kalteagatik baino gehiago jaso duen tratuagatik salatzen du medikua pazienteak"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko abe. 25a, 01:00

Irailean hartu zuen Oñatiko Lege soziologia institutuko ardura Angela Melville australiarrak. Baina, ez da berria gurean, azken zazpi urteetan irakasle lanak egin ditu Oñatiko masterrean. Eguenean, egin berri duen azken ikerketa aurkeztu zuen jendearen aurrean. Aurkezpenaren aurretik izan ginen Melvillerekin.

Nolabait, ikerketa honekin, Oñatiko Lege Soziologia Institutuan egiten den lana ezagutzera eman gura duzu.
Lege soziologia arloan Oñati mundu mailan da ezaguna eta erreferente. Aurten, 2011. urtean, 500 bisitari baino gehiago izan ditugu antolatu ditugun ekitaldietan. Baina, ez nago seguru Oñatin bizi den jendeak institutuan egiten den lana ezagutzen duen. Hitzaldiarekin, egin dudan azken ikerketa ezagutzera eman gura dut, baina aldi berean institutuan egiten diren ikerketen eredu izan gura dut, jendeak jakin dezan nolako ikerketak egiten diren hemen.
Ikerketa hauek nola egin ditugun azalduko dut lehenengo; izan ere, horrelako ikerketa bat kontu handiz egin behar da. Ondoren, lortu dugun emaitza azalduko dut: ikusi dugu jendeak ez duela salaketa jartzen jasan duen kalteagatik bakarrik, batez ere jaso duten tratuarengatik jartzen dute demanda. Uste dutelako komunikazio txarra egon dela euren artean, edo jaso duten tratua ez delako egokia izan.

Orain arte egin izan diren ikerketen aldea, ezberdina da hau.
Orain arte hainbat ikerketa egin izan dira medikuen arduragabekerien gainean, hain zuzen zazpi; baina, ikerketa horiek guztiak medikuekin edo osasun arloko langileekin egin izan dira. Hau da lehenengo ikerketa salaketa bat jarri duen pertsonarekin edo familiarekin egiten dena. Elkarrizketa luzeak eta sakonak izan ditugu familia horiekin, eta bizi izan duten egoera latzaz berba egin dugu. Egoera dramatikoak bizi izan dituzten jendearekin egon gara: familia artekoren bat galdu dutenak, ume txikiak galdu dituztenak… lehenengo aldia da sakontasunez berba egin dena paziente horiekin.

Pazienteek zergatik eramaten dute auzitara medikua?
Pazienteek kalte bat jasan dute, eta demanda jartzeko lehenengo arrazoia hori izaten da. Baina, ez da hori bakarrik. Kasu askotan kexa bat jarri gura izan dute baina inork ez die erantzunik eman. Medikuari arazo bat dagoela esan gura izan diote baina medikuak erantzun die ez dela bere arazoa, edo ardura osasun arloko beste langile batzuei pasa gura izan die. Hortaz, komunikazio pobrea dagoela uste dute pazienteek eta baita edukazio barik tratatuak izan direla ere. Gainera, beste inork horrelakorik ez bizitzea ziurtatu gura dute.
Ospitaleak ardura gainetik kendu gura izaten du horrelakoetan, eta euren errua ez dela izan esaten dute. Erizain bati edo praktiketan dagoen medikuren bati leporatzen diote ardura. Horren aurrean, pazienteek bakarmena entzun gura dute.

Legea aldatu beharra dagoela ere badiozue.
Arazoa legearekin  ere badago. Epaiketa egin ondoren, erabakia pazientearen aldekoa izan bada, kasu batzuetan konpentsazio ekonomiko hori beharrezkoa izaten dute jasan duten kalteari aurre egiteko, baina ez dute eskatzen zituzten gainerakoak lortzen: barkamena, argibideak, beste inori horrelakorik ez gertatzea…
Ikerketa honetatik atera dugun emaitza da legea aldatu egin behar dela eta baita sententzia motak ere.

Gai sentikorra dela kontuan hartuta etika kontuak bereziki zaindu zenituzten.
Ikerketa hau egin aurretik gutunak bidali genizkien elkarrizketa egin gura genien familiei. Familia batzuekin, adibidez, ez ginen kontaktuan jarri bagenekielako oso minduta zeudela oraindik ere. Gutunak idazterako orduan oso kontuan izan genituen idatzitako hitz guztiak eta idazteko modua. Zehatz azaldu genien zer egin gura genuen, galderak, ordena… Ikerketa arrunt batean, erantzunik jasotzen ez baduzu berriro ere jartzen zara kontaktuan familiarekin. Kasu honetan ez zen hala izan; erantzun ez ziguten familiei ez genien berriro ere idatzi. Psikologo baten laguntza izan genuen elkarrizketak egiterakoan; adibidez, "ulertzen dizut", "badakit zer pasatu duzuen"… horrelako esaldiak ez genituen esaten, ez dakigulako zer pasa duten. Teknika eta arau jakin batzuk jarraitu genituen pazienteekin egoterakoan.

Ze herrialdetan egin dituzue elkarrizketa horiek?
Bi lekutan egin ditugu: Ingalaterrako iparraldean eta Eskozian. 30 elkarrizketa Ingalaterran egin genituen, Nuffield Foundation-en laguntzarekin eta beste 40 Eskozian, Scotish Government-en laguntzarekin.

Herrialde guztietan egoera bera izaten da?
Lege mailan ezberdinak dira herrialdeak. Eskozian, esaterako, zazpi abokatu daude medikuen arduragabekeria kasuez arduratzen direnak. Hortaz, zaila da defendatuko zaituen norbait topatzea; bestalde, Ingalaterran abokatu asko daude. Horregatik, Ingalaterran askoz ere samurtasun handiagoarekin jotzen dute epaitegira.
Eskozian egin dugun ikerketaren emaitza Gobernuaren esku dago eta dakiguna da legea aldatzea gura dutela. Uste dute gaur egungo legeak ez dela nahikoa.

Aurkezpen honekin, zure burua ezagutzera emango duzu Oñatin?
Ni ezagutzeko modu onena nire lana ezagutzea da. Irakasle moduan azkeneko zazpi urteetan etorri izan naiz Oñatira, urtean bi astez. Benetan gustatzen zait Oñati eta Euskal Herria, eta poliki poliki euskara ikasten ari naiz. Uste dut ez dela hemen bizitzea bakarrik, komunitatearen parte izatea ere bada eta horregatik egin gura dut aurkezpen hau.

LSNE mundu mailan erreferente da. Zuzendari izatea arduran handia da?
Aurreko lau zuzendari zientifikoekin ere egon izan naiz lanean. Institutuak Eusko Jaurlaritzaren laguntza dauka, eta baita lege soziologiako ikerketa batzordearen laguntza ere. Batzorde horretako parte naizenez ez naiz berria mundu honetan.

Zeintzuk dira LSNEk dituen erronka nagusiak?
Orain arte nazioarte mailan izan gara garrantzitsuak, eta gure erronka orain, hemen garrantzitsuak izatea da, Euskal Herri mailan. Bestalde, informazioen teknologietan indarra jartzen ari gara. Ikerketa on-line egiten indartzen gabiltza, eta institutua sare sozialetan ere sartu da. Lege soziologia arloan mundu mailako liburutegi onena daukagu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak