Nondik datorkizu zaletasuna?
Afizioa aitarengandik dator; gaztetan harekin joaten nintzen Urrakira, Jaizkibelera.... hantxe sortu zen. Gero, lagunekin joaten hasi nintzen eta ikasketa garaia iritsi zenean Oñatitik irten beharra izan nuen Automozioa egiteko; ikasketak amaitu, tailerrean sartu, eta orain arte.
Noiz eskuratu zenuen zure lehenengo autoa?
17 urte nituela auto-kroserako autoa lortu nuen. Autoak desegiteko tokira joan nintzen, auto bat hartu eta guztiz hustu genuen: eserlekuak, kristalak... eta, hasiera baten, basoan ibiltzen hasi nintzen. Aspaldi auto-krosak egiten ziren Oñati inguruan, baina Oñatikoak konkretuki ospea zuen eta horretan hasi nintzen orain dela hamabi urte; uste dut karreretako zaletasuna handik etorri zaidala.
Zergatik lurrako pistetan eta ez errepidean?
Horietan ikasi izan dut, eta gustatzen zait autoak lurrean duen mugimendua; asfaltoan gehiago heltzen da. Oso desberdinak dira; hala ere, errepideko lasterketak probatzea gustatuko litzaidake, baina horretarako behar den aurrekontua...
Zein lasterketatan parte hartzen duzu?
Errioxara joaten gara, hemen ez baitago horrelako pistarik, hemengoak 4x4 ibilgailuentzako dira. Aurten, adibidez, Zeberion egin dute lasterketa bat, eta urteak ziren han lurrekorik ez zutela egiten. Errioxan dena laua da eta hemen, berriz, aldapak, pinuak... daude eta guretzako arriskutsua da, min hartzeko errazagoa. Aurten ere Kantabriara joango naiz lehenengo aldiz. Lau urte badira lasterketa hau antolatzen dutena eta oso polita dela esan didate: tramu motza, baina polita.
Kopiloturik eramaten duzu?
Bai. Lagun batekin joaten naiz orain dela bi urte; lehen, beste batekin joaten nintzen. Dena den, baliteke hurrengo urterako aldatu behar izatea; izan ere, aita izan behar da, eta denbora eta dirua beste era batera baloratzen dira.
Zaletasun honetatik zer gustatzen zaizu gehien?
Pilotuen arteko harremana. Oso giro ona egoten da, bai pista barruan, baita kanpoan ere. Adiskidetasuna dago eta lasterketa hasi aurretik sortzen den tentsioa partekatu egiten da.
Istripurik izan duzu?
Bai, batzuk izan ditut, baina kolpe handiena autoak eraman du; guretzako segurtasun maila oso ondo dago, ez dugu arriskurik.
Autoa mantentzeko babeslerik baduzu?
Bai, batzuk baditut, baina ez dirua irabazteko intentzioarekin, baizik eta mantentze-lanak egiteko. Egia esan, laguntza hori izatea asko estimatzen dut; adibidez, negozioa zabaldu berri duen koadrilako lagun batek asko laguntzen dit. Orokorrean, dirua baino gehiago, faboreak izaten dira, beste gauza batzuekin laguntzen didate: Zumarragan serigrafiako tailer baten lagun bat dut eta hark errotulua jartzen dit, beste batek seguruarekin lagundu... Handik eta hemendik lortzen dudanarekin moldatzen naiz. Bestalde, txapista naiz, baina mekanika apur bat ere badakit, bestek beste, eta, ahal dudan neurrian, konponketak nik egiten ditut.
Kirol horretan noraino heldu nahiko zenuke?
Ez dut aurreikuspenik. Bertan segitzearekin konformatuko nintzateke. Mundu honetan aurrera egitea oso zaila da eta kostu handiko kirola da; beraz, mantentzea ez da gutxi. Dena den, lasterketa hasi baino lehen sortzen den txizagura hori joaten zaidanean utzi egingo dut, hori bai adrenalina!