Klasikotik hasi eta jazzeraino salto egin duzu.
Oñatiko Musika Eskolan egin nituen ikasketak. Arazeli Guridi irakaslearekin, 8. mailara arte piano klasikoa ikasi nuen. Ondoren, Donostiako Kontserbatoriora joan nintzen. Klasikoa 10. mailara arte egin eta 24-25 urterekin bukatu nuen. Ondoren, Iruñean eskolak ematen jardun nuen eta klasikoa bukatu nuenean jazzera salto egin nuen; Beti gustatu izan zait musika modernoa. Donostiako Jazzlen ere ibili nintzen. Gero, Bartzelonara joatea erabaki nuen eta Taller de Musics eskolan egon naiz 4 urtez.
Klasikoa oinarrizkoa izango da base on bat izateko, ezta?
Bai; izan ere, ez dago zertan 10. mailara arte ikasi, baina bietatik jaso behar da. Edozelan ere, klasikoaren oinarria beharrezkoa da. Eta modernoak ematen duen beste hizkuntza, ordea, oso garrantzitsua da. Klasikoan beti gaude papererari begira eta modernoak, aldiz, entzumena garatzen gehiago laguntzen du, beste gauza batzuk irakasten ditu.
Jazza gutxiengo batendako da? Elitista da?
Beti egiten den galdera da. Jazzak, egun, estilo eta fusio asko ditu. Jazza entzuteko, denbora bat behar da; belarria egin behar da eta jende gutxik hartzen du denbora horretan interesa jartzeko. Beraz, jendeak bere denbora eta ikasketa prozesua behar du musika hori entzuteko eta jazzaz disfrutatzeko. Dena den, gaur egun estilo asko dago.
Jendeak badu zaletasunik?
Bartzelonan bai, taberna eta areto askotan ia egunero daude jazz kontzertuak. Euskal Herrira orain dela sei hilabete etorri naiz eta egia da mugimendu txikiagoa dagoela. Musikene egitasmoarekin, esaterako, jendea mugitu da. Bilbo aldean ez dut zuzeneko askorik ikusi. Dena den, lehen baino mugimendu handiagoa dago, batez ere Musikeneri esker. Egia da Gasteizen edo Getxon egiten diren jazzaldiek lagundu egiten dutela musika hau gertuago egiten, sentitzen. Hor dago Jamie Cullum gaztea. Popa eta jazza bateratzen ditu. Jazz-zaleenek kritikatu egiten dute, baina nik ondo ikusten dut, bestelako entzuleak erakartzeko balio du-eta.
Jazza inprobisazioa da, guztiz ezberdina klasikotik.
Klasikoak partitura interpretatzea eskatzen du; musika modernoan, aldiz, bestelako ezaugarriak garatzen dira. Inprobisazioa joko bat da. Baina hori ere ikasi egin behar da, jazza beste hizkuntza bat da eta asko ikasi beharra dago. Piano-jotzaileak oso solistak gara normalean, bakarrik asko jotzen dugu eta musika modernoak taldean jotzeko aukera ematen digu, hori zoragarria da. Taldean erosoago sentitzen naiz.
Irakasle lanetan zabiltza orain.
Bai. Piano klasiko eta modernoko eskolak ematen ditut. Baita umeendako tailerrak ere, eta lengoaia musikala. Harmonia eta harmonia modernoko eskolak ere eman ditut, denetarik. Arantzazu Callejarekin elkarlanean ibili naiz. Callejak film laburrendako soinu bandak egiten ditu eta badaukagu proiektu bat esku artean, ea aurrera irteten den.
Jazza zure bizitzako soinu-banda da?
Jazz-zalea nahiz, baina funka asko gustatzen zait, eta baita pop musika ere. Gospel abesbatza baten ibili naiz eta asko gustatzen zait. Ez naiz egun osoa jazza entzuten ari etxean. [Barre]
Zenbat piano dituzu?
Gurasoen etxean betiko pianoa daukat. [Barre]; nire etxean, aldiz, piano digital bat. Baina beste piano bat erosteko asmoa daukat. Yamaha piano akustiko bat; izan ere, isats-pianoa ez zait etxean sartuko…
Ze asmo esku artean?
Orain berriro ere Euskal Herrian nago, eta gurako nuke Debagoieneko musikariak ezagutu eta haiekin harremanetan jarri eta proiekturen baten sartu! Izan ere, Oñati inguruan nabil, eta, hona bizi izatera etorriko naizenez, hemengo musikariekin zerbait egingo nuke gustura asko.