Think Tank izneko ekitaldia, pentsamendu kolektiboko sistema bat da, eta sistema horretan hainbat esparrutako adituek beren ezaguerak uztartzen dituzte, arazo baten ikuspegi hobea lortzeko eta arazo hori konpontzeko orientabideak eskaintzeko.
Euskal artzaintzako, marketingaren esparruko eta zeharkako beste sektore batzuetako profesionalek osatutako elkartea da Arkide, artzaintzaren balioak sustatzeko eta garatzeko asmoz sortutakoa, "XXI. mendeko lanbide lehiakorra dela" kontuan hartuta, antolatzaileek diotenez.
Horren ildotik, zapatuan, gogoeta egiteko think tank foroa antolatu du Oñatiko Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzietako Fakultateko Areto Nagusian.
Artzaintza XXI. mendeko eremu berrietan
Gaur egungo testuinguruan, euskal artzaintzaren produkzio eskaintza berriaren garapena baldintzatzen duten faktore nagusiak identifikatzen laguntzea da lehenengo foro horren helburua.
Horretarako, Arkidek hainbat esparrutako 40 aditu gonbidatu ditu: artzainak, zientzialariak, landa garapeneko adituak, etab.
Zapatu goizean, aditu horiek guztiek taldean lan egingo dute, "artzaintzak XXI. mendeko eremu berrietan izan dezakeen etorkizuna argitzeko".
Felix Rodriguez de la Fuenteren alaba
Gonbidatuen artean, maila handiko pertsonak daude, besteak beste:
Eduardo Ramos, Kordobako Unibertsitateko Nekazaritza Ekonomiako Katedraduna eta Europako eta Ipar Amerikako zazpi unibertsitateren partaidetza duen Landa Garapeneko Nazioarteko Masterreko zuzendaria.
- Odile Rodríguez de la Fuente, Félix Rodríguez de la Fuente Fundazioaren lehendakariordea.
- Yolanda Jugo, elikagaien merkaturatzean aditua.
- Iñaki Alava, Basque Culinary Center-eko I+G arloko zuzendaria.
- Javier Agirre, Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Ikastegiko ikertzailea.
- Jean Luc Boucheron, Montardoneko CFPAko −artzainen Europako lehenengo eskola− zuzendaria.
Berrogei aditu
Horiez gain, hainbat esparrutako berrogei aditu inguru ere bilduko dira, besteak beste, Artzain Eskolako ikasle izandako artzain gazteak, Etxola elkartea osatu dutenak, eta artzaintzako profesional berriak prestatzen dituen prestakuntza ikastegi honetako Aholkularitza Kontseiluko artzain beteranoak.
Goizeko saioa amaitutakoan, Arkide elkarteak zenbait lankidetza hitzarmen sinatuko ditu ekitaldira gonbidatutako erakunde batzuetako ordezkariekin, ikerketako, esperimentazioko eta berrikuntzako proiektuak garatzeko; horrela, euskal artzaintzaren produkzio eskaintza dibertsifikatuko du.