Mundu osoko txapelen museo txikia

Arritxu Barruso 2011ko urr. 2a, 02:00

Eskozia, Mexiko, Austria, Malaysia, Peru, Errusia, Ukraina, Egipto... Munduko hainbat txokotatik ekarritako txapel eta burukoen bilduma egiten du Amaia Lizarralde oñatiarrak.

Logelan 70 txapel inguru ditu–ohe gainean sakabanatuta batzuk eta lau paretetan eskegita beste batzuk– eta ganbaran beste 30 bat inguru izango dituela uste du. Txikitatik datorkion zaletasuna dela kontatu digu: "Umetan hasi nintzen bilduma egiten, baina, tamalez, txapel asko dagoeneko ez dauzkat nirekin, ezinezkoa izango litzateke. Dena dela, badira nahiko zaharrak diren batzuk. Esaterako, gure amak gaztetan ezkontza batera eraman zuen kapela bat badaukat".  

Bildu eta jantzi ere bai
Burukoak osagarri garrantzitsua dira, Lizarralderen ustez. Izan ere, txapelak biltzea bakarrik ez, janztea ere gustatzen zaio: "Txiki-txikitatik jantzi izan ditut txapelak. Orain ohikoagoak dira, baina gazteagoa nintzenean oso jende gutxik janzten zituen. Niri, ordea, ez zidan lotsarik ematen, askotan erabiltzen nituen. Orain ere bai, udan zein neguan erabiltzen ditut. Bisera frantsesak gustatzen zaizkit gehien".  

Zenbat eta bertakoagoa, hobeto
Lizarraldek dituen txapel gehienak opariak dira. Familiartekoek eta lagunek badakite zein den haren zaletasuna, eta, bidaiaren bat egiten dutenean, tokian tokiko txapelen bat ekartzen ahalegintzen dira: "Ingurukoek lagundu didate bilduma hau osatzen. Bidaiaren bat egiten dutenean beti gogoratzen dira nirekin. Berdin zait zelako burukoa ekartzen didaten, garrantzitsuena da lekuan lekukoa izatea eta herrialde horretako ezaugarriak izatea. Uda honetan, esate baterako, Malaysian izan da lagun talde bat eta han emakumeek erabiltzen duten zapia ekarri didate. Oso pozik hartu nuen, ezberdina delako eta Malaysiako kulturaren parte delako".
Txapel guztietan bereziena edo preziatuena aukeratzeko eskatu diogu, baina ezinezkoa zaiola erantzun digu: "Denak dira bereziak eta denek dute balioa. Ezingo nuke bat aukeratu".

100 txapel eta 100 istorio
Munduko txapelen museo txikia dauka oñatiarrak etxean; milaka istorio eta abentura gordetzen dituena. "Txapel bakoitzak istorio bat du, eta hori da politena. Batzuetan, gogoa izaten dut bakoitzaren istorioa idazteko, baina denbora luzea beharko nuke".
Museo guztien moduan, mantenuak ere denbora luzea eskatzen du. "Amak laguntzen dit, baina banan-banan txapelei hautsa kentzeak lan handia ematen digu. Hori da zaletasun honen txarrena". [Barre]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak