Jose Luis Gorrotxategi: "Ez da kriminalitate txikiagoa egongo kartzela gehiagorekin, hori okerra da"

Irati Goitia 2011ko ira. 28a, 17:50

Jose Luis Gorrotxategi aholkulari juridikoa da, eta baita espetxe pastolareko idazkaria Donostiako elizbarrutian. Azken bederatzi urteotan boluntario lanetan ere badabil Martuteneko kartzelan. Hark dio beharrezkoa dela espetxeen inguruko klixeak albo batera utzi eta errealitatea ezagutzea. Gaineratzen du presoen birgizarteratzea gizarte osoaren eginbeharra dela.

Zertan datza birgizarteratze prozesua?
Birsozializazio prozesua, batetik, berriz heztea da, kultura eta hezkuntza aukera berak eskaintzea espetxe barruan dauden pertsonei eta libre daudenei. Bestetik, birgizarteratzea da presoaren eta gizartearen arteko harremanak  bultzatzea. Eta, batez ere, kartzelak gizarteari zabaltzea, elkarte eta instituzioei bertara sartzea posible eginda. Horretaz gain, bermatu behar da presoek laguntza publikoak jasotzen dituztela.

Beraz, presoek ez dute gizartetik bereizi behar, gizarteko parte aktibo izan behar dute.
Izan ere, badira. Espetxeko barne araudiak berak dio gizartearen parte direla. Gainera, eskubideak dituzte beste pertsona guztion modura. Egia da hainbat eskubide murrizten zaizkiela, jasotako zigorraren ondorioz, esaterako: askatasuna, biltzeko eskubidea edo zirkulazio librerako eskubidea. Baina legalki eta konstituzionalki onartutako eskubideak dituzte.

Birgizarteratze prozesuan zein urrats egin behar dira?
Hiru etapa bereizi behar dira: prebentzioa, espetxean daudenean laguntza materiala eta pertsonala, eta kartzelatik irten ondorengo asistentzia. Behin espetxetik irten ostean, alternatibak eskaini behar zaizkio presoari, ez dadin inongo errekurtso ekonomiko, laboral eta formatibo barik aurkitu. Aukerak eman behar zaizkio lanpostuak lortzeko eta harreman sozialak izateko.

Presoendako, laguntzarik ez izatea izango da zailena.
Euskarririk ez izatea da eurendako zailena, nori heldu ez izatea; lan eta hezkuntza aukerak emango dizkien inor ez izatea. Izan ere, eurek ere guk bizi dugun gizarte latzari egin behar diote aurre, baina eurak desabantaila egoeran daude. Izan ere, kartzelan egon izanaren estigma handia da.

Preso bakoitzarendako plan indibiduala egiten da?
Bai, preso bakoitzaren egoera eta beharrak aztertzen dira, eta, horren arabera, hari dagokion tratamendu indibiduala zehazten zaio. Ez da gauza bera drogekin arazoak baditu edo genero indarkeriarengatik zigortua izan bada.

Birgizarteratze prozesuaren helburua presoaren izaera aldatzea izaten  da?
Presoek eurek eginiko hautua izan behar du. Pertsonak eskubidea du gaizki edo ondo egin duen hausnartzeko, eta, gaizki egin duela pentsatzen badu, berea da aldatzeko hautua. Baina funtsa ez da presoaren izaera aldatzea gizarteak nahi duen modukoa izan dadin; baizik eta bera zoriontsuagoa izatea eta maitatuagoa sentitzea.

Gizarteak zein ikuspegi du presoen eta birgizarteratzearen gainean?
Nik uste dut orokorrean jende gehienarentzat arrotza dela espetxe mundua. Klixe eta topiko batzuk daude, eta, horien arabera, espetxean dagoen oro gaiztoa da. Baina egun kartzelan sartzea ez da hain zaila; gero eta errazagoa da, adibidez, bide-segurtasunagatik. Nik uste dut ezjakintasun handia dagoela eta jendeak espetxe mundua alboratu nahi izaten duela. 

Egia jakitea garrantzitsua da?
Ezinbestekoa da esparru hori ezagutzea. Eta onartu beharra dago norbait kartzelara joatearen arrazoia gizartean bertan indarrean dauden baztertze mekanismoen ondorio dela. Mekanismook eragiten dute pertsona batzuek delituak egitea. Beraz, gizarteak horren kargu egin behar du, bere erantzukizuna delako. Gizartearen eginbeharra da; ez da indar publikoen, funtzionarioen edo boluntarioen egitekoa bakarrik.

Sinisten da birgizarteratzean?
Autore penalen gehiengoak mito hutsa dela dio. Esaten dute praktikan ezin izan direla presoen jarrera deliktiboak aldatu espetxe tratamenduaren bitartez.

Zuk sinisten duzu?
Nik sinisten dut birgizarteratzean, eta baita Jainkoarenganako maitasunean ere. Jainkoak pertsona guztiak maite ditu gauza guztien gainetik, eta beti eskaintzen du beste aukera bat. Denok izaten dugu bigarren aukera bat eta eurek ere izan behar dute. Eurek bizi izandako egoera pertsonal, familiar edo sozial zailetan, zeinek daki nik neuk zer egingo nukeen. Guk bizi izan ez ditugun zailtasunak bizi izatea egokitu zaie eurei, eta hori kontuan izan behar dugu.
Birgizarteratzea ez da panazea, baina sistema penala humanizatzen lagundu du. Garrantzitsua da kartzela zigorrari alternatibak bilatzea, hala nola isun zigorra –aditu askok diote etorkizuneko zigorra izango dela–eta gizartearentzat lan egitea edo etengabeko lokalizazio sistema ezartzea. Hala ere, espetxean sartzea galarazteko onena gizarte politikak indartzea da.

Horretan egin beharko litzateke ahalegin handiagoa?
Adibide bat: 1986an Finlandian 100 preso zeuden 100.000 biztanleko. 20 urtera zifra erdira jaitsi zen eta kriminalitateak ez zuen gora egin. Jendeak uste du zenbat eta espetxe gehiago egon, kriminalitate txikiagoa egongo dela. Hori izugarrizko akatsa da. Kriminalitate txikiagoa izango da aukera bedintasun handiagoa badago eta prebentzio sozial eta penalen politika egokia egiten bada.

Uste duzu politika penala aldatu egin behar dela?
Legeak idatzita daude eta berdinak dira guztiontzat, baina agintean dauden politikariek zeresan handia izaten dute. Azken urteotan tratamendu penala asko humanizatu da, asko egin da aurrera lehen aipatutako neurri alternatiboetan. Uste dut hori dela jarraitu beharreko bidea eta indartu behar dena.

Presonizazioa ere bizi izan dezakete presoek.
Presonizazioa gertatzen da espetxeratuak aske bizi izateko ohitura eta kapazitatea galtzen duenean. Presondegian bizitza oso araututa dago: ordutegi zehatzak, hainbat gauza egiteko debekua... Presoa ez arriskatzera ohitzen da eta dituen segurtasunei heltzen die: janaria, ohea eta zenbat eta arazo gutxiago, hobeto. Gero, bizitza askera irteten denean, ohartzen da ez dagoela gertu horri aurre egiteko. Horregatik ireki behar zaizkio gizarteari kartzelak. Birgizarteratzea ez da espetxera mugatu behar, prebentzioan egin behar da lan, baita kartzelatik irten ostean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak