Jaietako egitarauak aurkeztu dituzte

Mireia Bikuña 2011ko ira. 22a, 14:48

"Egitaraua zabala eta parte-hartzailea" egin du kultura batzordeak. Txosna batzordekoen egitarauak berrikuntza asko ditu eta bi egun propio: Gaupasa Eguna eta Egun Morea. Biak ala biak egitarau ofizialean txertatu dituzte. Jaiak hilaren 28an hasiko dituzte, baina txosnan rock kontzertua egongo da hilaren 24an. Badatoz San Migelak! EGITARAUA

"Berriak gara, baina saiatu gara jai egitarau ahalik eta parte-hartzaileena egiten. Horretarako batzarra egin genuen uztailean herritarren ekarpen eta ideiak jasotzeko. Orduko ideia batzuk sartu ditugu egitarauan. Adibidez, jai guneak deszentralizatu egingo ditugu, eta txosna gune bat egongo da Atzeko kalen". Hitz horiekin aurkeztu du Mikel Biain alkateak 2011ko jai egitaraua. 2012ko egitaraua prestatzeko udaberrian bilduko da jai batzordea. Jai egitarauko aurrekontua 186.000 euro pasatxokoa da.

Oharrak

Jaietan kontutan hartzeko hainbat ohar eman zituzten aurkezpenean. Alde batetik, zezenetan 16 urtetik beherakoek ezin dutela parte hartu gogorarazi zuten. Era berean, esan zuten txikiendako ez direla poni eta zezentxoak egongo. Beste alde batetik, Errosario egunean egingo duten ikuskizun piroteknikorako markatuko den perimetroa errespetatzea eskatu dute.

Jai parekideen alde

Berdintasun batzordeak indarkeria sexistari aurre egiteko bitarteko gisa, eraso sexistak atenditzeko zerbitzua jarriko du martxan.  Jaietan 24 orduz telefonoa martxan egongo da eta indarkeria jasan dutenek aukera izango dute deitu eta artatuak izateko. Laguntza juridiko eta psikologikoa eskainiko dute. Aholkularitza eman eta zalantzak argitzeko ere balioko du. Jai gunean informazio puntua ipiniko dute eta telefonoa eskuratzeko aukera egongo da. Bestalde, leku horietan pegatinak eskuratu ahal izango dira.

Txosna gunea

Zapatuan, hilaren 24an hasiko dituzte jaiak txosna gunean. Txosna bakarra ipini dute karpa azpian eta sukaldea kanpoan. Sei taldek kudeatuko dute txosna: Oñatiko gazte independentistak, Oñati Zero Zabor taldeak, talde feministak, AHTrik ez! taldeak, OGAk eta Askatasunak.

Berrikuntzak ere badituzte, eta batez ere bi azpimarratu gura izan zituzten. Alde batetik, Errosaixo bixamonean egingo duten paella-jana indartzeko asmoz, mahaiak eta aulkiak ipiniko dituztela esan zuten. Txartelak zortzi eurotan salduko dituzte, Bogan, Onan eta Arranon. Beste alde batetik, edalontzi bererabilgarriak erabiliko dituzte. Euro baten truke salduko dituzte. Edalontzia itzultzen dutenek, euroa jasoko dute.  Dena den, gura duenak etxeko edalontziak erabil dezake.

Bestalde, hilaren 28a Gaupasa Eguna izango da eta San Migel eguna Egun Morea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak