Hiru irakasleek segituko dute Oñatiko euskaltegian lanean

Mireia Bikuña 2011ko ira. 2a, 16:10

Erabaki horrekin indar barik utzi dute aurreko udalbatzak Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Programa 2011 delakoan zehaztutakoa. Alegia, euskaltegiko hiru irakasleetako baten lanpostua ezabatu eta haren titularra euskara teknikari lanpostura bideratzea. Roberto Altuna, Koldo Zumalde eta Ernesto Murgiondo dira euskaltegian plaza duten irakasleak.

HABE erakundea da euskaltegiko irakasleen soldata ordaintzen duena, eta, gutxienez, zortzi ikaslez osatutako talde ofizialak hartzen ditu aintzat euskaltegi bakoitzak behar duen irakasle kopurua zehazteko. Gainera, HABEk berak finkatutako erritmoak eta eskola orduak bete behar dituzte.
Oñatiko euskaltegiko datuak begiratuta zera ikus daiteke: urtean zehar ematen diren eskola-orduan %54 eta horietan diharduten ikasleen %45 ez-ofizialak direla, HABEren irizpideen arabera. Hori horrela, ez ditu ontzat ematen, eta 2010eko irailean Udalari jakinarazi zion, euskaltegiko irakasleen auzian erabakia hartu beharko zuela 2011ko ekaina aurretik.

Udalaren gain

Udal hauteskundeen ondoren, Bilduk alkatetza hartu zuenean, adierazi zuen ez zetorrela bat aurreko udalbatzak hartutako erabakiarekin, eta neurriak hartu ditu. "HABEk dio bi irakasle nahikoak direla Oñatin. Baina, guk uste dugu hiru lagunendako lana badagoela. Ikastaro eta ikasle kopurua handitzen bada, beharrezkoa da hirugarren irakaslea. Adibidez, laugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko frogak egiteko prestaketa ikastaroak eskainiko dituzte. HABEk ez badu hirugarren irakaslearen soldata ordaintzen, Udalak hartuko luke bere gain", esan digu euskara zinegotzi Nerea Zubiak.

Horren alde egiteko, eta euskaltegiko irakasleek beharra aldarrikatzeko euskaltegiko irakasle eta ikasle ohi zenbatek plataforma bat eratu zuten. "Erabakiak aurrera egiten badu, ikasle asko euskara ikasteko aukera barik geratuko dira", esan zuten maiatzean. Era berean "eskatu" zuten hirugarren irakaslearen soldata Udalak ordaintzea.

Deialdia, aurrerago

Udalbatzak irakasleak mantentzeko hartutako erabakiaren ondoren, Euskara teknikari lanpostua hutsik geratu da, aurreko langileak erretiroa hartu ondoren. Hori horrela, udal langileen artean deialdia egin dute urtebetez lanpostua bete ahal izateko. Behin-betiko erabakia izango da. "Badakigu lanpostua bete behar dugula, eta dagokion deialdia egingo dugu aurrerago. Deialdia irekia izango da, eta baldintzak betetzen dituen edonor aurkeztu ahal izango da euskara teknikari lanpostua betetzeko", esan digu Nerea Zubiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak