Conchi Tamayo: "Hilero ispilua hartuko dugu, eta tarte motzean gorputz osoko orbanak aztertuko ditugu"

Mirian Biteri 2011ko ira. 1a, 02:00

Debagoienean, Oñatiko Atzeko kalean dauka kontsulta Conchi Tamayo dermatologoak. Datozen lerroetan gogoraraziko du azaleko minbizi kasuek gora egin dutela, eta azala osasuntsu izateko hainbat gomendio emango dizkigu. Horrekin batera, ohartaraziko du urte osoan zaindu behar dugula hori, eta ez bakarrik eguzki izpiak ikusten ditugunean.

Azaleko minbizi kopuruak gora egin du azken urteotan, eta adituek diote bikoiztu egingo dela datozen urteotan. Zer dela eta?

Lehen, kalean lan egiten zuten baserritarrak eta eraikuntzako langileak ziren azal beltzarana zutenak. Baina, azkenaldian, beltzaran koloreak edertasuna eta osasuna esan nahi du; gehiegi hartzen da. Eguzki naturala hartzeko eta izpi ultramoreen makinak erabiltzeko joera dago.
Bestetik, urtero egiten diren prebentzio kanpainek ere eragina izan dute igoera horretan. Jende gehiago doa gaur egun kontsultetara; gaixotasuna antzemateko modu eraginkorra da.
Hirugarrenik, ozono-geruzaren zuloak daude. Izpi ultramoreak samurrago sartzen dira horietatik, eta kaltegarriagoak dira. Hori guztia dela eta, gora egingo du minbizi kopuruak datozen urteotan. 

Zeintzuk dira arrisku handiko taldeak?

Batetik, oso azal eta begi argiak dituztenak daude. Bestetik, azkar erretzen direnak daude, eta baita bizitzan zehar azalean erredura larriak izan dituzten lagunak ere. Orban asko dituztenek ere arrisku handia dute, eta baita orban larregi izan barik aurrekariak dituztenek. Horretaz gainera, eguzkia hartzeko makinak larregi erabiltzen dituztenak daude.

Noiz arduratu behar dugu?

Gorputzean dauzkagun orbanak ezagutu egin behar ditugu. Horretarako, gomendatzen duguna da hilean behin gorputza aztertzea. Ispilu handi bat hartuko dugu, eta tarte motzean gorputz osoan dauden orbanak aztertuko ditugu. Modu horretan, horietara ohitu egingo gara. Orban berri bat irten edo zaharren bat aldatuta dagoela igarriz gero, medikuarengana joko dugu.

Zelan igarriko dugu orban bat aldatu egin dela?

Orban onberak marroiak izaten dira, argiak edo ilunak izan daitezke horiek, baina bazterrak ondo zehaztuta ditu eta, normalean, ez dute sei milimetro baino gehiago neurtzen. Dermatologoek bospasei ezaugarri ditugu kontuan: lehenik, borobilak edo obalatuak diren begiratu beharra dago, eta asimetrikoa bada, galdetu egin beharko dugu. Bigarrenik, bazterrak ondo zehaztuta izango ditu.

Koloreari dagokionez, homogeneoa izango da orbana; askotariko koloreak izatea ez da ona. Laugarrenik, orbanaren diametroa dago. Jaiotzetik sei milimetrotik gora dituzten orbanak izatea normala izan daiteke hainbat kasutan, baina handitzen dela ikusten baldin badugu, aztertu egin beharko dugu. Bosgarrenik, azalaren goratzea da; orbanak lauak edo goratuak izan daitezke, baina zati batean goratzen baldin bagara, medikuarengana joko dugu.
Dermatologoak ikusten baldin badu esandako hiru parametro betetzen dituela orban batek, zati bat kenduko dio pazienteari eta aztertzera bidaliko du. Horretaz gainera, orban barruan ixten ez den zauria baldin badugu ere, arduratuta egoteko arrazoiak izango ditugu. 

Bestalde, jendeak jakin behar du jaiotzen garenean ez ditugula orbanak izaten, eta urteekin irteten direla; normalean, 30 urte bete arte. Hortik aurrera, orban berriren bat irteten bada, kontsultatzea gomendatzen dugu.

Oporrak ate joka ditugu. Zer egin behar dugu uda partean?

Umeez arduratuko gara. Oso txikiak direnak, sei hilabetetik beherakoak, ez ditugu eguzkitan jarriko; eguzkitakoarekin eta oihal batekin eroango ditugu. Adin horretan normalean ez da arazorik egoten, eta gurasoek oso ondo zaintzen dituzte seme-alabak.

Bada, 10 urte dituztenean, haietaz ez garela horrenbeste arduratzen igarri dugu, independenteagoak dira-eta. Prebentzio ohiturak erakutsiko dizkiegu; igerilekura, kalera, mendira edo hondartzara joaten direnean, eguzki-krema ematea garrantzitsua dela jakinarazi diegu. 30etik gorakoa izango da hori.

Babes txikiagoko eguzki-kremarik ez dugu gomendatzen; azal oso argia dutenek edo bestelako arazoak dituztenek, ostera, 50eko babesa duena erabili beharko dute. Gainera, eguzkitan jarri baino ordu erdi lehenago emango dugu krema, eta, bainu bakoitzaren ondotik, ostera ere emango dugu. Hainbat kremak diote ura jasaten dutela, baina guk bainuaren ondotik edo bi orduan behin botatzea gomendatzen dugu. Igerilekuan edo hondartzan ez gaudenean, ez gara horretaz jabetzen eta eguzki-krema gutxi emateko ohitura dugu.

Neguan ere kremarekin irten beharko genuke kalera?

Hala da. Neguan ez ezik, udako egun lainotuetan ere ezin gara eguzki-krema barik irten. Kontuan izan behar dugu izpi ultramoreen %60-80k lainoak zeharkatzen dituztela.

Eguzkiaren efektuak metatu egiten dira; azalak memoria daukala entzun dut askotan...

Eta horrelaxe da. Txikitan erretzen baldin bagara, erredura horien ondorioak nagusiak garenean irten daitezke. Hortaz, oso ondo zaindu behar dugu azala; denbora eskaini behar diogu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak