Aitor Biain: "Bigarren sariak gaziak dira, baina hau oso gozoa da"

Mireia Bikuña 2011ko uzt. 8a, 15:00

Ganbara abesbatza bigarren sariarekin itzuli zen San Vicente de la Barquerako (Kantabria) lehiaketatik. Azken urte eta erdian egindako lanaren "emaitza" dela diote taldeko kideek, eta "lehen saria izango balitz bezala" hartu dutela. Aitor Biain zuzendaria oso pozik dago sariarekin eta, batez ere, taldeak egindako lanarekin. Haren berbak dituzue jarraian.

Puntu erdiko aldearekin bakarrik irabazi zuen Las Palmasko Ainur abesbatzak.
Sariak banatu ondoren epaimahaiko kideek esan ziguten bi taldeen arteko berdintasuna erabatekoa izan zela. Eurek zapatuko lana baloratzen dute, eta gauerako hartzen dute erabakia. Oraingoan, domeka eguerdian erabaki zuten. Berdinketa zen nagusi, horregatik puntu erdiko aldea bakarrik.

Bai, baina berdinketa egon arren, Ainur taldeari eman zioten sari nagusia. Bigarren saria gazia izaten da, normalean.
Bai, hala da. Baina, oraingo honetan, bene-benetan, lehen saria izango balitz bezala hartu dugu. Oso pozik gaude egindako lanarekin. Bigarren saria da, bai, baina gozoa, eta guretzat behintzat, beharrezkoa. Taldearendako ezinbestekoa zen.

Berdinketa bi abesbatzaren artean, baina abesbatza ezberdinak.
Oso bestelako taldeak gara. Las Palmasko taldea oso espirituala da eta 20 kide ditu. Gu askoz gehiago gara, eta soinu ezberdina dugu.

Epaimahaiak zuen soinua azpimarratu zuen nagusiki.
Hala esan ziguten. Soinu naturala, dotorea eta fina lortu genuela, kontralto eta baxu oso onak ditugula, eta kimika handia dugula ere bai. Berba horiek oso aberasgarriak izan dira guretako. Bide berria hasteko inflexio-puntua zen San Vicente de la Barquerako lehiaketa. Aurrera egiteko oso baliagarria izango zaigu bigarren saria.

Eszenaratzea ere zaindu duzue: arrantzale jantzita irten zineten.
Ganbara abesbatzak beti zaindu du asko eszenaratzea. Kantuak belarrietatik sartu behar du, baina baita begietatik ere. Bestela, diskoa entzuten zaudela ematen du. Espresibitatea, mugimenduak... guztia da inportantea entzuleengana heltzeko.

Azken urte eta erdian aldaketa handiak izan dituzue taldean.
Hala da. Zuzendari aldaketa, kide batzuek taldea utzi eta berriak hasi dira. Ganbara Gazteko bost kide gurekin hasi dira. Lan handia egin dugu: ahotsak afinatu eta elkarren artean enpastatu, talde dinamikara itzuli, talde giroa sortu... Guretzat, erronka zen, eta gainditu egin dugu.

Hutsetik hasi zarete lanean?
Hutsetik ez, taldearen oinarria bera da aurretik zeuden kideetako batzuk daudelako. Baina taldeari aurpegia aldatu diogula esango nuke.

Lehengo Ganbara buruan duenak oraingo Ganbara entzunda, aldaketa asko nabarituko ditu?
Ez. Taldeak bide bera segituko du. Gure ezaugarri nagusia soinua da: soinu naturala dugu. Esteban Urtzelai zuzendari egon den 12 urteetan soinu berezia lortu dugu, eta mantendu egingo dugu.

Kide eta aurpegi berriak daude. Hori da dugun ezberdintasun nagusia.
Aurpegi berri horien artean Ganbara Gazteko bost kide daude.
Hori zen beste helburuetako bat. Atzetik datozen abeslari gazteei leku egitea. Oraingoz, Ganbara Gazteko bost kide daude gurekin, eta oso pozik daude. Lan ona egin dute, eta ondo egokitu dira taldera.

Etorkizuna bermatuta dauka Ganbarak?
Bide onetik goazela esango nuke. Neska-mutiko askorekin dihardugu lanean eta haiei abesbatza nagusira salto egiteko aukera eman behar diegu.

Lehen lehiaketan, bigarren saria. Presio handiegia?
Lan handia egin dugu, baina oso zaila da lehiaketa guztiak irabaztea. Sari hau bultzada izugarria da guretako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak