Lezuri Ormazabal: "Lanak ulertzeko artearekiko kultura beharrezkoa da; faltan igartzen dut"

Maider Arregi 2011ko uzt. 4a, 11:44

Txinatik etorri berri da 24 urteko artista oñatiarra. Esparru askotan lan egin duen arren, grafika alorrean sentitzen dela gusturen kontatu digu Lezuri Ormazabalek. Bilbo, Gasteiz, Azpeitia, Italia... hainbat erakusketa egin ditu dagoeneko eta orain, 'MadameGarson' proiektu pertsonalean murgilduko da.

Pintura, diseinu grafikoa, argazkilaritza... makina bat esparru lantzen dituzu.
Unibertsitateko urteetan, teknika grafikoen alorrean lan asko egin nuen eta hori da gustatzen zaidana. Bertan, grafikak eskaintzen dituen teknikak lantzen genituen, serigrafia, grabatu kalkografikoa, xilografia, ilustrazioa... Diseinu grafikoarena ostean egin nuen zerbait izan zen eta pinturaren alorra asko ukitu ez dudan arren, interesgarria iruditzen zait, eskulturaren alorra bezalaxe. Argazkilaritza, berriz, zaletasuna daukat. Asko gustatzen zait txoko ulergaitzen irudiak ateratzea.
Ilustrazioan, umeak oso exijenteak al dira?
Ilustrazioa nire beste pasioetako bat dela esan nezake. Ez dut sekula liburu bat ilustratzeko enkargurik jaso, baina benetan gustuko dut marrazkiak egitea. Gainera polita da umeei marrazki bidez adieraztea letra bidez ulertzeko gai ez direna.
Aterki diseinugile ere bazara.
Bai, Ezpeleta enpresan dihardut lanean. Oso ezezaguna nuen alor hau, diseinu eta moda tendentziekin zuzenki erlazionatuta dago eta bertan sartzeko aukera izan nuen. Oso gustura nago!
Txinatik etorri berria zara.
Txinatarrek aterki kultura izugarria dute, baina ez euritarako soilik; lehen eguzki izpiekin,  aterkia ateratzen dute kalera. Gehiengoak, UVA izpiekiko babesa duten aterkiak dira eta bitxia gerta daitekeen arren, hauek dira salmenta handienak dituztenak.
'MadameGarson' proiektuan murgilduta zaude orain.
MadameGarson, artista grafiko gisa bataiatu berri dudan proiektu pertsonala da. Estanpazioan oinarritutako  proiektu multidiziplinarra litzake, serigrafia teknika oinarri duena. Kostu gutxikoa eta botatzekoa den materialaz baliatuz, ahalik eta jende kopuru zabalenera iristea du helburu.
Lan egiteko modua erabat artisaua da; pieza guztiak bakarrak dira, seriatuak eta sinatuak. Proiektuak oihal estanpazioa, diseinu grafikoa, ilustrazioa... batzen ditu. Erabilitako irudiak nire kezka, jakin-nahi eta urduritasunez sortuak dira, gaur egungo tendentzia artistiko-estetikoei jarraituz.
Erakusketak ere egin dituzu.
Azkena, orain hilabete eskas. Bilbao Artek bere egoitzan duen erakusketa gelan, God Shave the Queen izenekoan; Colectivo LA Cuchara-k antolatzen duen IV. Certamen de Arte Hormonado-n aukeratua. Diziplina ezberdinetako sortzaileak biltzen ditu eta astebetez alor ezberdinetako ekintzaz osaturiko saioak egoten dira ikusgai. Gasteizko Inmersions 2010 eta Azpeitiko Bihur arropa dendan ere erakutsi ditut nire lanak. Italian bizi nintzenean bi erakusketa egin nituen. Hurrengoa, abenduan Bilbao Arten.
Orain artekoaz gustura?
Egindako lanak errekonozimendua duela jakiteak indarrez bete eta aurrera egiteko grina pizten du. Orain arteko ibilbidean azpimarratuko nuke, jendearengandik jaso eta era berean emandako laguntza.
Irudi digitalek inbaditutako mundu batean bizi garela diozu.
Bai, horrela da. Egunerokotasunean, irudi digitalen menpe bizi gara, telebista dela, ordenagailua dela...
Jendeak ulertzen du?
Lanak ulertzeko artearekiko kultura beharrezkoa da, eta hori da orokorrean nik faltan botatzen dudana gaur egungo "gure" gizartean. Jende askori, erreferentziak falta zaizkio eta arte lan baten aurrean galdurik ikusten du bere burua. Normala da ulertzeko zaila izatea edota nire azken lana adibide hartuz (Zuria zuriaren gainean /beltza beltzaren gainean) harriturik geratzea, ulertzeko gai ez direlako. Beti entzuten dira gutxiespen hitzak, baina hori ezjakintasunaren ondorioa da. Munduan dabiltzanek diotena hartu behar da aintzat. Orain, Bilbao Arten egiten ari naizen proiektua amaitzea dut buruan; ondoren, MademeGarson proiektuarekin buru-belarri sartzeko.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak