Nola erabaki zenuen triatloien munduan sartzea?
Igeriketa mundutik nentorren. Lehenengo ahalegina 17 bat urterekin egin nuen; Oñatiko duatloia egin nuen, hiru asteko prestaketarekin. Eskola bukatzerakoan igeriketa mundua ere bukatu nuen; gero, korrika talde baten sartu nintzen Gasteizen. Hala, federatu egin nintzen duatloiak egin ahal izateko.
Hortaz, igeriketa izango da ondoen moldatzen zaren modalitatea.
Bai, duda barik. Igeri egitea ez zait batere kostatzen. Astebete ezer egin gabe egon arren, 45 minutu lasai egiten dut. Igeriketa taldean 15 bat urtez ibili naizenez, egia da, baita ere, agudo aspertzen naizela uretan; ez, ordea, beste modalitateetan.
Nola moldatzen zara entrenatzeko?
Denbora librean, egunero saio bat egiten dut. Interneten begiratzen dut planifikazio bat, eta horren arabera. Eta kontuan hartu behar da zenbat denbora duzun. Izan ere, ez da berdina korrika egiteko edo igerian egiteko behar duzun denbora. Denbora luzeen daukadanean bizikletan ibiltzera joaten naiz.
Oñatiko Triatloi Taldean zaude. Talde polita osatu duzuela esan daiteke.
Giro ona daukagu, familia handi bat bezala gara. 43 bat lagun gaude taldean, eta aurten bi neska daude –orain arte bakarra egon da–. Senpereko triatloian, zapatuan taldekako lasterketa egiten da; aurten, adibidez, talde mistoa egitea lortu dugu, lehen aldiz.
Zer dago Oñatin horrenbeste triatleta egoteko?
Oñati batendako asko dira, bai. Proiektu erakargarria daukagu. Izan ere, talde bezala, batzen gaituena Oñatiko duatloia da. Duatloia antolatzea polita da, goizeko hamarretatik ibiltzen gara antolakuntza lanetan, denetik egiten.
Aurten 20 urte bete ditu Oñatiko lasterketak. Ez da egin den lehenengo duatloia –Gernikan 87an egin zen–; baina Euskal Herriko duatloi zaharrenetarikoa eta horrenbeste urtez jarraian egin den bakarrenetarikoa da.
Orain esku artean Plentziako akuatloia daukazu. Zer da hori?
Nazio arteko federazioak modalitate ofizial bi ditu: duatloia eta triatloia. Bestalde, badaude azpimodalitate batzuk: triatloi krosa –mendiko bizikletarekin–, neguko triatloia –igeri egin beharrean mendiko eskia egiten da–, kuadratloia –piragua gehituta–… eta akuatloia, korrika eta igeri –2,5 km korrika, 1.000 metro igeri eta 2,5 korrika.
Triatloietan trantsizioak garrantzitsuak dira. Nolakoak dira horiek akuatloian?
Aldaketa nabarmenena da ez dela horrenbeste traste eraman behar –bizikleta–. Trantsizioak ez dira horren ikusgarriak izaten, baina nahiko kuriosoak dira.
Norbaitek inoiz egin badu korrika eta gero uretara sartu, jakingo du oso aldaketa zakarra dela. Erritmo altu batetik uretara sartzea kosta egiten da. Normalean, triatloietan lehenengo igeri egiten da; baina gerta daiteke hondartzan korrika egin beharra uretara iristeko. Eta, halako kasuetan, aldaketa nabaritu egiten da. Bada, pentsa 2,5 kilometro korrika egin ondoren nola nabaritzen den aldaketa.
Irailaren 16an izango da Plentziako akuatloia.
Bai; oraindik ez da ofiziala, baina ziurrenik egingo da. Plentzian egiten da EAEko akuatloi bakarra, eta, horregatik, Euskadiko txapelketa izaten da.
Zergatik da bakarra?
Ez da modalitate ofiziala, horregatik izan daiteke. Oso gutxi ikusten da eta ez da horren erakargarria. Igerian ondo dabilen jendearendako egokiagoa den modalitatea da, eta, agian, jendea igerian ez da hain ondo moldatzen. Bestalde, lehen esan dugun moduan, trantsizioak gogorrak izaten dira.
Zein asmorekin joango zara Plentziara?
Modalitate berria da niretako; hortaz, probatzera joango naiz. Gainera, belauna ez daukat oso ondo, eta bukatzea izango da asmoa. Disfrutatu eta ondo pasatzea.
Blogen munduan ere ibiltzen zara. Nolatan hasi zinen?
Hasi nintzen orain dela 6 urte, Goienak eskaini zidan aukera aprobetxatuta. Idazteko zaletasuna daukat eta nire ekarpena egin gura izan dut. Mundu hau asko aldatu da, gaur egun askoz ere erraztasun gehiago ditugu eta dinamikoagoa da.
Bi zaletasun bateratu dituzu blogean: idaztea eta kirola.
Nire etxeko leihotik ikusten dudana kontatzea da asmoa, eta, kasu honetan, kirolak garrantzi handia dauka nire bizitzan. Maratoia egin nuenean, adibidez, atzerako kontaketa bat hasi nintzen egiten (42 kilometrotik behera). Oso polita izan zen.
Tropela.net atarian ere idazten duzu.
Bai, aurten hasi naiz. Ez dakit nola sartzen naizen horrelakoetan! Twitter bidez eztabaidak izaten genituen, eta tropelean idazten zutenek esan zidaten animatzeko eta tropeleko blogari izateko.
Orain arte jokatutako lasterketetatik zein da gustukoen duzuna?
Oñatikoa oso gustuko dut. Hiru aldiz egin dut, baina azken bi urteetan ez dut egin. Arrigorriagako duatloia baita. Distantzia luzeko bakarra da EAEn (20 korrika, 80 bizikletan eta 10 korrika). Eta azkenik, Calellakoa. Ironman distantzia duen lasterketa da, baina taldeka egiten da. Berezia da, aitarekin eta beste lagun batekin egin nuelako. Hori 2009an izan zen eta iaz epaile moduan jardun nuen Calellan.