Oñati Irratia: 20 urte herriko albisteak eta bitxikeriak kontatzen

Mireia Bikuña 2011ko mai. 23a, 18:50

1991ko maiatzaren 11an, 11:00etan egin zuen lehen emisioa Oñati Irratiak, FM 102an –egun 107.4an emititzen dute–. San Migel Txiki jaietako zapatua zen, eta urduritasunak tarteko, Bob Marley omendu zuten.

Egun hartan 10 urte bete ziren abeslari jamaikarra hil zela, eta haren One love kantua izan zen uhin bidez emititu zuten lehena. Ordutik, 20 urteko ibilbidea egin du Oñati Irratiak. 20 urte herriko kontuak uhin bidez aireratzen.

Hain justu, horixe zen eta da irratiaren helburua. "Herrian sortzen ziren berrien aldeko apustua egin genuen. Orduan bazeuden ikupegi orokorrarekin albisteak ematen zituzten irratiak. Hurbilagoak diren gaiak dira gure erreferente.

Debagoienarekin zerikusia duten gaiak ere ekartzen ditugu gurera, baina ahal dugula behintzat oñatiar ukitua edo ikuspuntua ematen diogu", esan digu lehen emisiotik Oñati Irratiko ahotsa izan den Miren Urkiolak.

Horretarako, herriko albiste hurbilagoak aireratzeko, kolabortzaile asko izan dituzte irratian. Hasierako urteetan Arrasate, Bergara eta Legazpiko kronikak egiten zituzten, eta arratsalde parteko saioak kolaboratzaileek egiten zituzten. Egun, baina, kolaboratzaile kopurua asko jaitsi dela esan digu: "Arrasateko eta  Legazpiko kronikak jasotzen ditugu, eta martitzenetan Mikel Aranburuk ordubeteko saioa egiten du.

Dena den, oñatiar guztiak dira, modu batera edo bestera, irratiko kolabortzaile. Kintada, edo hitzaldi baten oharra ekartzen dutenak, gure lehiaketetara deitzen dutenak, gurean publizitatea ipintzen dutenak.. Guztion artean egiten dugu Oñati Irratiak. Hori horrela, eskerrikasko guztiei!".

Bob Marley

Oñati Irratia astelehenetik egubakoitzera emititzen dute 12:00etatik 13:30era eta 19:00etatik 20:00etara. Goizeko saioetan hiru dira ardatz nagusiak: Txantxiku Berri agenda, albistegia eta Kirolaren Txokoa.

Hasierako urteak kultura etxeko zaharreko ganbaran egin zituen. "Ez genuen argi naturalik, baina txoko hark xarma berezia zuen. Egurra zen nagusi", esan digu Urkiolak. Handik, Olakua auzora, hango dorretxera aldatu zuten irratia: argitasun eta leku handiagoarekin.

Dena den, leku aldaketa ez da izan irratiak bizi izan duen aldaketa bakarra. Oñati Irratia egiten hasi zireneko materiala eta egungoa oso bestelakoak dira. "Nahasketa mahaia bera da, baina gainerako material guztiak aldatu egin dugu. Badakizu, teknologia... Grabazio luzeetarako rebox bat erabiltzen genuen, bi orduko grabaketak egiteko aukera ematen ziguna. Gainera, irratiko saioen karetak eta publizitatea kasetetan grabatuta genituen", esan digute.

Musika euskarriak ere aldatu egin dira. "Biniloek xarma berezia zuten. Bada, orain dauden euskarriekin erosoago egiten dugu lan. Gainera, musika askoz garbiago entzuten da", azpimarratu digu Urkiolak. Dena den, urtemuga ospatzeko Bob Marleyren biniloa berreskuratu zuten One Live kantua entzuleei eskaintzeko.

Zuzeneko saioak

Astelehenetik egubakoitzera arteko saioez gain, ez ohiko egunetan beste hainbat egin izan dituzte. Besteak beste, San Migel jaietako saio bereziak. Jaietako pilota txapelketako finala ere zuzenean eman izan dute Herri Egunean.

Dena den, lehen aldiz, saskibaloi partidua eman zuten zuzenean hilaren 7an.

Irratiaren urteurrena eta Sustrai Aloñaren EBA ligarako igoeraren ospakizunak bat egin zituzten. "Zuzeneko harekin hasi genituen ospakizunak. Gainerako egunetan, gure kolaboratzaile izandakoak gonbidatu ditugu irratira. Orduko saioak gogoratu, egun zertan diharduten ezagutu, eta irratiak zer eman zien galdetzeko", esan digu Urkiolak.

Oñati Irratiak beste 20 urte iraungo ote dituen galdetzerakoan, zera esan digu: "Espero dut baietz. Kolaboratzaile finak ditugu, eta euren laguntzarekin posible izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak