Nola heldu zinen politikara? Etxekoren baten ildoa jarraituta?
Ez. Egia esan etxean ez dugu izan politikarako joerarik. HBren zerrendan nere burua aurkeztea erabaki nuenean Gestoretako kide nintzen. 1991an hasi nintzen politikan, 37 urterekin. Agian berandutxo, baina, presoen alde lanean hasi nintzen 20 urterekin.
Ze oroitzapen dituzu?
Onak. Gogoan daukat oposizioan jardun genuela, eta lana gogor egin genuela. Lan taldean egon nintzen Jose Mari Larrañagarekin, Jabier Altuberekin eta Gorka Maiztegirekin, besteak beste.
17 zinegotzik osatzen zenuten udalbatza Iturbe alkatea buru. Nola antolatzen zenuten lana?
Aurretik ere esan dut ordu asko egin genituela udaletxean. HBko zazpi zinegotziok batzorde guztietan parte hartzen genuen. Nik neuk, adibidez, Hirigintzan; Kulturan; Euskaran eta Gizarte Zerbitzuetan parte hartzen nuen.
Agintaldi hartan esku artean izandako proiektuetako bat aukeratu.
Duda barik zinegotzien artean istilu eta arazo handiena sortu zuena gaztelekua izan zen. Lehengo merkatu plazan gaztelekua egitea erabaki zen. Gu proiektuaren kontrakoak ginen: onartutako aurrekontua ikaragarri handia zen, herriko gazteak gaztelekuaren kontra zeuden, EAJk proposatzen zuen funtzionamenduekin ez geunden ados... Istiluak istilu, berriro diot ez daukadala oroitzapen txarrik. Dena den, arazoak alde batera utzita, esango nuke, lan handia egin genuela euskararen aldeko ekimenetan. Euskara arloa oso emankorra izan zen. Dendariekin lanean hasi ginen.
Zer nolako hartu-emana izan zenuten alkatetzarekin?
Nahiko ona. Egia esan, agintaldi hartan HBrekin geundenetako batzuk berriak ginen –ni eta Gorka Maiztegi adibidez–, baina beste batzuk aurretik politikan bidea egindakoak ziren. Gu udaletxean sartu ginenean alkate aldaketa egon zen: Angel Iturberen lehen agintaldia izan zen, Eli Galdosen lekukoa hartuz. Guk hartu-eman ona izan genuen alkatetzarekin.
Agintaldi bakarra egin zenuen. Garbi izan zenuen lau urte bakarrik izango zirela, edo agintaldiak aurrera egin ahala hartu zenuen erabakia?
Ilusio handiarekin heldu nintzen udaletxera, lan egiteko gogoz. Baina, agintaldi bakarra egin nuen, ez lan kontuengatik, baizik eta etxean nuen egoerarengatik. Ordu hartan nire bikotekidea kartzelan zegoen Kanarietan, eta urte oso gogorrak bizi izan nituen. Dispertsioa hasita zegoen... Eta erabakia hartzeko unea heldu zen. Nik familiaren alde egin nuen.
Udaletxea da herritarrek kezkak bideratzeko duten erakundea. Herritarrak hurbildu ziren zuengana?
Ezker Abertzalekook herritarrengana jo izan dugu beti hauteskundeetarako programak osatzeko. Hori horrela, beti izan dugu hartu-emana eurekin. Guregana etortzen zirenean, euren kezkak bideratzen genituen.
Asko aldatu da Oñati zinegotzi izan zinenetik?
Oro har, gizartea aldatu da.
Zer falta zaio Oñatiri?
Garraio publikoaren arloan hobekuntzak behar ditugula esan nuke. Aurrera pausuak eman dira, baina gehiago behar ditugu.
Aldaketak espero dituzu hilaren 22an?
Egoera ez da normaltasunera erabat itzuliko, baina aurrera pauso inportantea da guztiondako.