Kukuxumusuk sortu denetik izan duen bidea azaldu duzue Oñatiko Ulman.
Kukuxumusuren berri eman dugu; nola sortu zen, zer ibilbide egin dugun eta nola iritsi garen orain arte gauden tokiraino.
Zein da Kukuxumusuren filosofia? Eta hasierako filosofia hari eusten diozue?
Hasieratik gure filosofia lan egitea eta aldi berean ahalik eta ondoen pasatzea izan da; eta horixe bera gure jarraitzaileei sentiaraztea da gure asmoa; alegia, eurek ere bikain pasa dezatela gure marrazki, produktu eta ekimenekin.
Hastapenetik horixe izan da gure xedea eta berdin jarraitzen saiatzen gara, nahiz eta batzuetan bidean zailtasunak aurkitu.
Nolakoa izan da 22 urte hauetako bidea?
Tira, bada, hainbat jendek pentsatuko du akaso bidea erraza izan dela; baina, egia esan, ondo pasatzeaz gain, lan handia egin dugu eta une gozoak eta latzak bizi izan ditugu, baina ezin gara kexatu. Pozik gaude eginiko bidearekin eta aurrera jarraitzeko gogoa dugu.
Kamisetetatik haratago salto egin duzue; beste hainbat enpresarekin hitzarmenak egin eta bestelako materiala ere saltzen duzue. Nola hartu zenuten erabakia?
Gu betidanik aritu gara kamisetagintzan, baina pixkanaka bestelako osagarri batzuk egiten hasi ginen gure kabuz eta ohartu ginen jendearen gustukoak zirela. Horrela, duela zenbait urte harremanetan jarri ginen hainbat enpresarekin eta bestelako produktu batzuk ere egiten hasi ginen. Gaur egun hainbat enpresarekin ditugu hitzarmenak eta gure irudiak hainbat euskarritan ikusteko aukera dago; aterkiak, segapotoen osagarriak, zartaginak, motorrerako kaskoak, boligrafoak, koadernoak, betaurrekoak, txakur eta katuentzako ohetxoak, e.a.
Zuen arrakastaren gakoa marka eta estilo propioa lortu izana da. Beharrezkoa da bidea zabaltzeko?
Bai. Jendearen arreta lortzea ezinbestekoa da, eta horretarako estilo propio bat izatea eta besteengandik bereiztea oso garrantzitsua dela uste dugu. Jendeak guregana jotzen duenean badaki zer gura duen: Kukuxumusu marrazkiak bilatzen ditu. Horrek lagundu egin du gure marka eraikitzen.
Gaur egungo garaiak ez dira onenak. Halako uneetan irudimena gehiago lantzen da, eta aukera gehiago izaten dituzte gazteek euren ideiak aurrera eramateko?
Bai, egia da ez direla garai onenak, eta guk geuk ere gure baitan bizi dugu egoera hau. Horrelakoetan maiz esaten da ideia onak sortzen direla eta aurrera joanez gero baliteke haiek proiektu sendoak sorraraztea; baina bestetan, akaso, laguntza faltagatik oztopo gehiago izan ahal dira. Ez da erraza izaten. Dena dela, zerbaitetan sinistuz gero, aitzina egin behar da amesten den hori lortzen saiatzeko. Guk, behintzat, horixe egin genuen.
Zuen ikur sanferminak dira. Gehien saltzen duzuen garaia da?
Sanferminetan jende asko hurbiltzen da Iruñera, batik bat hasierako egunetan, eta gure salmentek gorakada izaten dute, baina ez da urteko salmentarik handiena. Oro har, uda partean, sanferminak barne, saltzen dugu gehien, eta ondoren Eguberrietan.
Zer eskatzen dizuete zuen bezeroek?
Tira, badakizu, bezeroek denetik eskatzen dute. Gure eskaintza geroz eta zabalagoa da eta dendetara hurbiltzen diren bezeroek gauza asko erosteko aukera dute, baina beti dago baten bat zerbait berria eskatzen duena eta hori ere ona da guretako, gauzak hobeto egiteko hauspoa ematen digulako. Ideia bat egin dezazuen, Interneten bidez jaso ditugun eskaeren artean izaretan marrazkiak jarri nahi zituen amama, tatuajeak nahi zituzten hainbat lagun, gorbatak egiteko eskaera egin digutenak, etxeko paretak gure irudiekin marraztu nahi izan dituztenak…Ikusten duzuen moduan, jendeak sekulako irudimena du!
Zenbat denda dituzue munduan eta zenbat saltzen duzue?
Guztira 18 denda ofizial ditugu, horietako bat Baionan eta gainontzekoak Espainian. Eta %100 Kukuxumusu saltoki horietaz gain, 700 bezero inguru ditugu gure produktuak saltzen dituztenak.
On line denda ere ireki duzue. Gaur egun ezinbestekoa da teknologia berrietara egokitzea?
Bai, horrela da. Teknologia berriek sekulako eragina dute gure bizitzetan eta Kukuxumusuk hasieratik egin zuen apustu horien alde eta lanean jarraitzen dugu oraindik ere. Baditugu hainbat webgune: kukuxumusu.com eta sanfermin.com; bi telebista: on line kukuxumusu.tv eta sanfermin.tv; eta gizarte sareetan ere bagaude. Gure berri munduan barrena emateko aukera eskaintzeaz gain, jarraitzaileekin harreman zuzena izateko aukera ematen digute. Eta, jakina, on line dendari esker gure produktuak munduan barrena saltzeko aukera dugu.