Balaztadek ez dute balio radar berriekin

Arritxu Barruso 2011ko mai. 2a, 02:00

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak martxoaren amaieran inauguratu zuen Euskal Herriko abiadura ertaineko lehenengo radarra. Ordizia eta Irura artean dago eta 19 kilometroko tramuan ibilgailuen abiadura neurtzen du. Oñatiko Cegasa enpresarena da sistema eta teknologia berridun radarra –nahiz eta Gasteizko lantokian egiten duten.

Seguruagoa eta eraginkorragoa
Iñaki Madina oñatiarra Cegasa Motion Energyko zuzendari orokorra da eta Gasteizko lantokian radarraren nondik norakoak kontatu dizkigu: "Ohiko radarrek abiadura puntu konkretu baten neurtzen zuten. Sistema berri honek puntua beharrean tramua neurtzen du. Puntu baten autoaren matrikula irakurtzen du eta handik kilometro batzuetara berriro ere irakurtzen du matrikula. Horrek denbora ematen digu eta distantzia ezagutzen dugu. Eskolan guztiok ikasi genuen moduan: espazioa berdin, abiadura bider denbora".
Madinak azaldu digu teknikoki eta segurtasun aldetik radar horiek hobeak direla: "Puntuko radarrak ikusten ditugunean bat-batean galgatzen dugu. Horrek autoen pilaketak eragiten ditu, eta baita istripuak ere".

Ohiturak aldatzea komeni
Euskal Herriko horrelako lehenengo radarra izan da Cegasak N-1ean ipini duena, baina badirudi etorkizunean sistema berrira ohitzen joan beharko dugula: "Puntu bakarreko radarrak ez dira desagertuko, baina argi dago etorkizunean joera izango dela abiadura ertaineko radarrak ipintzea".
Hori horrela izan dadin, baina, sare bat osatu beharko litzateke: "Sistema matriziala da eta horrelako sistema erabili ahal izateko egokiena da sareak sortzea. Errepide baten autoek irteera desberdinak izan ditzakete, eta irteera guztietan izan behar dituzu irakurgailuak auto guztiak kontrolatu ahal izateko".

Nazioartera begira
Iñaki Madinak azaldu digu Eusko Jaurlaritzarekin ez ezik, Espainiako Trafiko Zuzendaritzarekin ere badihardutela lanean eta hainbat lehiaketatan eman dutela izena. Nazioartean ere, AEBetan, Mexikon, Hego Amerikan eta Australian, sistema berriak aukera asko dituela uste du oñatiarrak.
Etorkizuna abiadura ertaineko radarrak badira, bat-bateko balaztadek ez gaituzte isunetatik libratuko. Beraz, zirkulazio seinaleak zintzo-zintzo errespetatzea izango da onena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak