Haizea Agirre: "Bi urte egon nintzen Araba aldean bisoi europarrari txip bidezko jarraipena egiten"

Mireia Bikuña 2011ko api. 15a, 13:25

Haizea Agirre (Oñati, 1985) Ingurumen Zientzietan Lizentziatua da. Gasteizen egin zituen ikasketak, eta ordutik animalia artean ibili da lanean. Egun, neska-mutikoekin dihardu Natur Eskolan. Iaz, Kenian egon zen GKE batekin lanean, eta orduan egindakoa blog batean jaso du. Ingurumenaz egin dugu berba harekin.

Ingurumen Zientziak. Ez da ohiko karrera. Zergatik aukeratu zenuen?
Nahiko ezezaguna zen eta da. Nik egin nuenean hirugarren promozioa izan ginen. Eta aukeratu nuen ingurumena eta natura gustuko nituelako. Oso garbi nuen zer ikasi gura nuen. Gainera, ingurumen hitzak esparru zabala hartzen du. Ez zara gai zehatz baten zentratzen. Horregatik guztiagatik erabaki nuen karrera hori egitea.

Lan egiteko orduan, zertan ibili zara?
Orain arte, animalia artean. Ikasketak bukatu eta Austrian egon nintzen zazpi hilabetez. Danubio ibaiko hegazti urtarren jarraipena egiten egon nintzen hango parke natural baten. Handik Italiara joan nintzen. Itsalsaldeko Alpeetan parke nazional baten egon nintzen ugatzaren jarraipena egiten.

Austriako eta Italiako parke naturalek badute zerikusirik hemengoekin?
Ni parke nazionaletan egon nintzen, eta hemengoekin alderatu askoz handiagoak ziren. Egitura aldetik nahiko antzekoak, baina han diru gehiago dute halako kontuetarako.

Eta etxerako bueltan, bi urte egon zinen Araba aldean arrasto bila. Baina, zeren bila?
Bisoi europarraren atzetik ibili nintzen. Bi urterako proiektua zen eta gure helburua zen gatibutzan hazitako bisoi europarrek zenbateko biziraupena zuten ikustea. Horretarako, txipa  jarri eta Salburuan (Araba) askatu genituen. Gehienak Arabako erreketan ibili ziren, baina banaka batzuk Nafarroaraino heldu ziren. Gainera, proiektu hartan egon nintzen artean, udazkenean eta neguan, bisoi amerikarrari aurre egiten ibili ginen. Espezie inbaditzailea da, eta tranpak ipintzen genituen haiek akabatzeko. Bisoi europarra babesteko modua zen, galzorian dagoen espeziea da. Europan mailan Ebro ibaian dago populazio onena: Nafarroa, Araba eta Errioxa aldeko zatietan.

Iaz, Kenian egon zinen GKE batekin lanean.
Lankide boluntario moduan egon nintzen Eusko Jaurlaritzako beka batekin, ikuskari lanak egiten.
Han egindakoarekin eta ikusitakoarekin blog bat egin zenuen.
Bai, hala da. Haizeaburuantaibilimunduan.blogspot.com.

Ez duzu ohiko karrera egin eta lanak ere hala moduzkoak dira. Zer esan dizute etxekoek eta lagunek?
Karrera aukeratu nuen, eta horrenbeste, baina izan ditudan lanekin harrituta geratu dira. Askotan esan didate ze demontre egiten dudan animalia artean!

Animaliekin hasi zinen, eta orain neska-mutikoekin diharduzu Natur  Eskolan irakasle moduan. Aldaketa ederra!
Ba, bai. Ingurumenaren kontserbazioan jardun ondoren, orain irakasle lanetan dihardut. Ingurumen Hezkuntza lantzen dut neska-mutikoekin.

Gustura?
Bai. Egia esan, gogoa banuen irakasle lanetan ibiltzeko. Oso aberasgarria da: zuk ikasleei ematen diezunagatik, eta eurengatik jasotzen duzunagatik.

Ingurumenarekiko duzun kezkak eraman zaitu Zero Zabor plataformako kide izatera?
Nik esango nuke baietz. Zaborra arazo larria da. Zubietan erraustegia egitekotan dabiltza, eta hori ez da ona ez ingurumenarendako ezta osasunerako; eta, ekonomikoki zer esanik ez.
Egia esan, talde dotorea osatu dugu, eta bileratan nahiko lagun elkartzen gara.

Nolakoa da gure ingurumena?
Arabakoa Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa baino askoz hobea da. Errekak garbiagoak eta naturalagoak dira. Gipuzkoako mendietan pinuak dira nagusi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak