2010eko uztailaren 5ean Debagoieneko Mankomunitateak atez atekoaren alde egiteko erabakia hartu zuen Debagoieneko Mankomunitateak. Baina, hiri hondakinak kudeatzeko azken erabakia, udal bakoitzaren esku utzi zuten. Hori horrela, Oñatiko udalak bosgarren edukiontziaren alde egitea erabaki du. Orain eskatuko dio mankomunitateari dagozkion tramiteei hasiera emateko; besteak beste, bilketa sistema berria ezartzeko dirulaguntza eskaera, eta sentsibilizazio kanpaina egitea.
Lourdes Idoiaga alkateak esan zuen bosgarren edukiontziaren gaineko erabakia "ez zela osokora eramateko gaia": "Osoko bilkurara ekarri dugu zuen adostasuna eskatzeko", esan zuen. Baina ez zituen alderdi guztiak ados ipini.
Oñati Ezkerretik koalizioko kideek banaka hartu zuten hitza. Zutik-eko Joxe Ruizek abstenitu egin zen. Salatu zuen gaikako bilketaren gaineko informazio osoko bilkura baino "egun gutxi batzuk lehenago" jaso izana. Eskatu zuen herritarron artean prozesu parte-hartzailea zabaltzea, eta gogoratu zuen Zero Zabor plataformaren sorrera eta egiten diharduten lana.
Aralarko zinegotzi Miren Arregik "bai" esan zion bosgarren edukiontziari, eta EBko Karmelo Arregik esan zuen "agintaldi bukaerako marketing estrategia" zela bosgarren edukiontziaren proposamena. PPko zinegotzi Julio Perez de Arriluzeak ere hitza hartu zuen: "Halako erabaki hartzeko azterketa bat egin beharko litzateke herritarren artean. Bestalde, gustatuko litzaidake inkesta horren emaitzak ikustea".
Inkesta pribatua
Idoiaga alkateak esan zuen bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin dutela, herritarren artean egindako inkesta baten emaitzak aintzat hartuta. Otsaileko bigarren hamabostaldian egin zituzten, eta galderetako bat bosgarren edukiontziaren gainekoa zen. "Inkestatuen %64,79k alde zegoela esan zuen, eta %19,69k kontra. Emaitza adierazgarriak dira", esan zuen alkateak.
Zero Zabor plataformakoak
Osokoaren bukaeran, galde erreguetan, hitza hartu zuten Oñatiko Zero Zabor plataformako kideek, eta euren aldarrikapenak egin zituzten. "Gaikako bilketa aukera egokia dela uste dugu, aurretik ezagutzen duguna aldatzeko. Bilketa sistematik hasi beharko genuke. Erraustegi plantari aurre egin beharko genioke", esan zuten. Gainera, esan zuten eurek ez zutela inkestaren berri. "Guregana ez da inkestarik heldu. Oraintxe jakin dugu horren berri", salatu zuten. Esan zuten ikerketak daudela zeinetan erakusten den bosgarren edukiontziarekin atez atekoarekin baino gutxiago birziklatzen dela. "Bosgarren edukiontzia ipintzen baduzue, ziurtatu konposta egiten dela. Ez dela zaborra erretzen", exijitu zuten.