Kale Barriatik eta Atzeko kaletik sarrera duen taberna barruan mila eta bat istorio gertatu dira, eta itxieraren atarian istorio horiek errepasatzeko ordua da. "Gogorra, oso gogorra izango da. Askori bihotzaren zati bat taberna barruan geratuko zaie", diote.
Tabernaren bezitasunak
65 urteko historia errepasatzen hasi orduko Guria tabernak izan dituen berezitasunak azpimarratu dizkigute. "Ez dugu telebistarik eta txanpon-makinarik eduki. Ama ez zen horien aldekoa. Zioen horiekin bezeroen arteko elkarrizketak eten egiten zirela. Irratia eduki dugu bakarrik. Tourra eta pelota entzun izan ditu amak", esan digu Antonek.
Tabernaren beste berezitasunetako bat musika izan da. Disko-jogailuarekin hasi ziren, Txile, Peru eta halako lekuetako musikarekin. "Tabernan jarri genuen lehen kasetea Quilapayum taldearen Basta izan zen. Victor Jara, Mercedes Sosa, Neil Young eta Silvio Rodriguezek tokia izan dute beti gurean", gogoratu digu Agurtzanek.
Tabernak apenas izan du aldaketarik. 1964. urtean berritu zuten, eta egun duen itxura eman zion Miguel Morris kataluniarrak. "Zahorren zegoen lanean eta taberna berritzeko proiektua egin zigun. Tipo bohemioa zen. Pentsa, katu bat jarri gura zuen eta egunero lekuz aldatu, mugimendua irudikatzeko. Hasieran harrituta geratu ginen tabernaren itxura berriarekin. Ama aitarekin haserretu zen diseinu berriak egur gehiegi zuelako, eta horrek lan handia eskatzen zuelako", kontatu digute. Altzari guztiak egurrezkoak dira, eta lagunek eta ezagunek utzitako tresna zaharrek betetzen dute apaingarri lana.
Kirol emaitzen arbelak
Aste bukaerako kirol emaitzak jasotzen duen Gaceta deportiva banatzen hasi aurretik, Guria tabernako emaitzen taula zen erreferentzia askorendako. "Irratietatik deitzen ziguten Aloñaren emaitzak jakiteko". Bi arbel izan dituzte, eta bietan kirol emaitza azpimarragarrienak eta kinielak egon dira beti. "Klarionekin hasi aurretik Blanco España erabiltzen zuen amak".
Betiko txikiteroak
Guria taberna zabaldu zutenetik gizarteak bilakaera itzela izan du, eta, noski, baita tabernak ere. "Hasi ginenean txikiteoan ibiltzeko ohitura handia zegoen", gogoan du Virginiak. Atzeko kaleko merkatari asko batzen ziren Gurian. "Tomas eta Miguel Lizarralde, Pako Illarramendi, ekonomatoko Pedro eta Javier, Quelle sastrea, Reyes Urtatza... Egunero-egunero etortzen ziren hutsik egin gabe. Gainera, bazegoen beste txikitero talde bat. Guk El tren deitzen genien, beti ordu berean sartzen zirelako tabernan. Bezero fidelak izan ditugu", diote.
65 urteko bilakaera horretan, Espe eta Eduardoren seme-alabak parte izan dira. "Txikitoak banatzen hasi nintzen kaxa baten gainean, eta buruz nekien esan beharrekoa: txikito una peseta, pincho dos pesetas", dio Antonek.
"Gure ama, denon ama, Guriako dama"
Opari batean jaso zituen goiko hitzak Espe Elizondok. "Oso ondo laburbiltzen du gure ama nolakoa zen", diote haren seme-alabek. 1976an haren senar Eduardo hil zenean hark hartu zuen tabernaren ardura. "Nork ez ditu probatu Esperen patata-tortilla eta txorizo egosia. Urte asko eman ditu barra atzean. Beti egin du lan hornitzaile berberekin, eta tabernara etortzen ziren banatzaile guztiei kafea eskaintzen zien". 2009ko apirilaren 24an hil zen.