Iban Letamendi: "Euskal selekzioarekin egon arren, ez dut aparteko presiorik sentitu"

Xabier Urtzelai 2011ko ots. 20a, 01:00

Iban Letamendik (Oñati, 1978) mendiko eskian denboraldi erdia bete du, eta ezin zuen hobeto egin: bakarka eta bikoteka –Joseba Tobar tolosarrarekin batera– Euskal Herriko txapeldun izan da, eta joan den asteburuan, Andorran, Espainiako txapelketan bederatzigarren sailkatu zen.

32 urterekin hasi zara mendiko eskian emaitza onenak batzen. Zaila da bi hilabete hauetako txapelketetan egindako lana hobetzea.
Garbi nuen denboraldi hasiera ona egin nahi nuela, eta pozik nago, bai. Iaz aurrerapauso handia egin nuen, ondo ibili nintzen, eta horri esker deitu zidaten euskal selekziotik. Aurten hobeto entrenatzen nabil, eta ez dakit, ba, urteek aurrera egin ahala batzen duzun esperientziagatik izango da, baina gustura nabil. Dena dela, kirol honetan oso ohikoa da 40 urte bete dituztenak aurrean ikustea. Esperientziak balio handia du hemen.

Iazko Euskal Herriko txapeldun Joseba Tobarrekin osatzen duzu bikotea, eta lasterketetan haren aurretik ere ibili zara. Lasaitasuna ematen du horrek? Igarri duzu selekzioarekin lehiatzearen presioa?
Ez, ez dut inolako presiorik izan. Batetik, selekzioan ez digutelako emaitzarik eskatzen, konpromisioa hartu eta lana fundamentuz egitea da eskatzen diguten bakarra. Eta Euskal Herriko eta Espaniako zenbait lasterketatan egotea, baina ez gehiago.
Bestetik, iazko denboraldia ikusita, banekien lana ondo eginez gero aurrean egoteko gauza izango nintzela.

Andorran izan duzue azken lasterketa, asteburuan. Espainiako txapelketa, eta hamar onenen artean (bederatzigarren).
Bueno, normalean nire aurretik ibiltzen diren hainbat eskiatzailek ez zuten zorterik onena izan, arazoak izan zituztelako materialarekin. Normalagoa izango litzateke 15. postu inguruan sailkatzea, baina lasterketa ona egin nuen.
Oso lasterketa gogorra izan zen, luzea eta teknikoa. Hainbat korridore eta mendi ertz gainditu behar izan genituen, eskiak bizkarrean, kranpoiak jantzita, eta jaitsierak ere nahiko teknikoak ziren, elurra ez zegoelako batere ondo. Hala, horrelako lasterketa baten euskaldun bat 9. sailkatzea ondo dago.

Inguruan ez dugulako nahi beste elur izaten?
Hori da. Kirol honetan kataluniarrak dira jaun eta jabe, negu osoa elurretan ematen dute eta hori igarri egiten da. Hiruzpalau eskiatzaile egongo dira profesional moduan lehiatzen dabiltzanak, eta aurreko postuetan ibiltzen diren beste bi eskiatzaile Guardia Zibilak dira. Noski, hauek ere mendiko eskira dedikatzen dira. Guk, berriz, bizpahiru orduko bidaia dugu elurretara joateko, eta aste barruan ez dugu elurretan entrenatzeko aukerarik. Horregatik diot pozik egoteko moduko emaitza dela.

Zelan entrenatzen zarete?
Urtarrilean eta otsailean gorputzaldi onean egoteko derrigorrezkoa da irailetik hasita serio lan egitea, oinarri ona egitea. Korrika eginez, bizikletan ibiliaz... halaxe entrenatzen gara, eta baita roller-ean ibilita ere. Mendiko eskiko teknika hartzeko modalitate aproposa da, eta Arantzazura igotzen gara roller-ekin [asfalto gainean eskiatzea bezala].

Euskal selekzioan jardunda, baduzue abantailarik?
Bai, eta asko eskertzen dira. Jokin Lizeaga teknikariak planifikatzen dizkigu entrenamenduak; denboraldia beste modu baten prestatzen ikasi dut, atseden hartzeak duen garrantziaz jabetu naiz.
Horrekin batera, lasterketetako izenematea, hotelak, bidaiak... Ardura horiek eta horiek dakartzaten kostuak federazioak ordaintzen ditu. Eta, federazioak Ternua etxearekin duen hitzarmenari esker, materiala, arropak... oparitzen dizkigute. Hori ere izugarri eskertzen da.

Asteburuan atseden hartu eta gero, datozen asteotan zer?
Bost aste egin ditugu batera eta bestera, eta gustura hartuko dut atseden. Bi aste barru, berriz, Aragoiko kopan izango naiz eta martxoaren 13an Formigalen egingo duten euskal kopan.
Bikoteka, berriz, Joseba Tobar eta biok bikain moldatzen gara, eta martxoaren 27an egingo duten Espainiako bikotekako txapelketan lan ona egiteko motibatuta gaude.

Eta aurten, Pierra Menta eta horrelakorik ez?
Aitor [Otxoa, Ibanen iazko bikotekidea] badoa, baina ez dut uste ni joango naizenik. Beste lasterketa batzuei eman diet lehentasuna, eta horietarako prestatu naiz. Horrelakoetan ez zait gustatzen hitzorduak inprobisatzen ibiltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak