Zer da frustrazio bat?
Frustrazioa da gure nahiak edo desioak oztopo bat topatzen duenean ematen den egoera. Garrantzitsua da txiki-txikitatik umeei erreminta batzuk ematea frustrazio egoera horiei aurre egiteko. Helduaroan lagungarriak izango dira.
Zeintzuk dira bizitzako lehenengo frustrazioak?
Asko daude haurren egunerokotasunean ere. Adibidez, kaka eta pixa komunean egiten hasi behar dutenean, janariarekin lotutakoak ezin dutelako nahi duten guztia nahi dutenean jan, bakarrik janzten ikasi behar dutenean... Adinaren arabera erreakzionatzen dute umeek, baina ohikoena da negar egitea eta kasketaldiak izatea.
Kasketaldi horiek ohikoak dira, baina gurasook ez ditugu onartu behar. Nola jokatu beharko genuke?
Ez zait asko gustatzen errezetak ematea ze egoera bakoitzak bere azterketa behar du, baina haurrak jaso behar duen mezua da kasketaren bidez ez duela nahi duena lortuko. Zer egin behar dugu? Lehenengo eta behin argi eduki behar dugu umeari zer eskatu nahi diogun eta horren arabera jokatu behar dugu. Egin behar ez dena da umearen erreakzioaren arabera jokatu. Tinko mantendu behar dugu. Erakutsi behar diogu kasketa ez dela nahi duena lortzeko modu egokia.
Frustrazioa limite bat da hortaz.
Muga bat da. Ondo erakutsiz gero denborarekin umeak ulertuko du muga bat gainditu daitekeen oztopo bat dela, eta gauzak beste modu batera eginda, akaso ahaleginarekin eta lanarekin gainditu dezakeela. Baina frustrazio batzuk ezin ditugu saihestu eta hori onartzen ere ikasi behar dugu. Bi gauza horiek desberdintzen ikasi behar dugu, helduok ere bai.
Gaur egungo gurasook badakigu limiteak ipintzen?
Ez zait orokortzea gustatzen. Denetarik dago. Egia da arrazoi ezberdinengatik oraingo joera dela muga asko ez ezartzea, eta ezartzen ditugunean ez gara oso irmoak. Esan daiteke heziketa oso autoritario batetik beste muturrera pasa garela. Baina berriro diot, denetarik dago eta zorionez mugen garrantziaz bada kontzientziazio bat.