Xabi Igartua: "Hiru urte elkarrekin eman ostean, ia-ia buruz jokatzen ikasi du taldeak"

Edu Mendibil 2011ko urt. 12a, 18:30

Urteko kirolari eta kirol talde onenak saritu zituen Oñatiko Udalak abenduaren 23an. Besteak beste, Xabi Igartua eta Sustrai Aloña Mendi saskibaloi taldea izan ziren saritutakoen artean, iaz egindako lan bikainagatik.

Sustrai Aloñak lortutakoa ez da makala: lehen maila nazionalera igoera lortu ondoren, liderrak ditugu sailkapenean. Askartzari 92-82 irabazi zioten hilaren 8an (zapatua) Zubikoa kiroldegian. Azken hiru denboraldiotan igoera lortu eta gero, ondo baino hobeto moldatu dira oñatiarrak kategoria berrira. Xabi Igartua entrenatzailea (28 urte) dugu arrakastaren protagonistetako bat. MUn Zurututzaren eta Merinoren laguntzaile jardun ondoren, hirugarren urtea du Aloñan.

Pozik jasotako sariarekin?
Bai; isileko lan handia dago gure moduko talde baten atzetik eta horrelako errekonozimendu bat jasotzea beti da pozgarria.

Hiru urtean, 2. maila probintzialean jokatzetik lehen maila nazionalera jokatzera egin duzue salto. Ez da gutxi, ala?
Bai, lehen maila probintzialera errenuntzia batzuen ostean iritsi ginen, eta, hasiberriak izan arren, liga irabazi eta lehen maila autonomikora igo ginen. Eta aurreko denboraldian ere liga txapeldunak izatea lortu genuen.

Eta aurten ere sailkapeneko aurrealdean... Zein da, ba, taldearen sekretua?
Bakoitzaren dohain nagusiei etekina ateratzen eta ahultasunak ahalik eta ondoen ezkutatzen ikasi dugula. Talde bat bezala jokatzen ikasi dugu, azken baten, eta horretan zerikusi handia izan du talde berari eutsi izanak. Hiru urte daramagu elkarrekin entrenatzen eta jokatzen, eta, nolabait esatearren, ia buruz jokatzen ikasi dugu. Bukaera estuko partiduetan ere ez gara larritzen; gure jokoan konfiantza eta segurtasuna daukagu eta beste talde batzuk, aldiz, azken minutuetan, partiduak erabakitzen direnean, urduriago jartzen dira, agian... Ez gara beldurtzen markagailua estu dagoenean eta horri esker partidu asko atera ditugu aurrera.

Hor aurrean egonda, zein da taldearen helburua denboraldi bukaerari begira?
Dagoeneko lortu dugu mailari eustea, eta horixe zen gure hasierako helburua. Hemendik aurrera hauxe izango da: etxeko partiduetan ahalik eta gogorren egitea Zubikoara bisitan datozen taldeei eta kanpoko partiduetan ere gozatu eta emaitza onak lortzen ahalegindu. Logikoa den moduan, liga irabaztea ezin da izan gure helburua, talde oso onak daudelako tartean eta hemendik udaberrira bitartean beheraldia izan dezakegulako.

Zeintzuk izan dira aurkari indartsuenak orain arte? Nortzuk ikusten dituzu faborito liga eskuratzeko lehian?
Hiru aipatuko nituzke: Easo  Donostiako taldea eta Gasteizko bi: Baskonia eta Seki.

Eta nola definituko zenuke zure taldea? Zelako jokoa egiten duzue?
Oso joko erasokorra egiten ahalegintzen gara. Defentsan baino hobeto ibiltzen gara erasoko jokaldietan, eta, hori dela eta, gure kasuan, puntuazio altuko partiduak izaten dira gehienak. Joko azkarra eta erasokorra egiten saiatzen gara beti. 

Harrigarria bada ere, Zubikoan ez duzue partidurik galdu azken bi denboraldiotan...
Azkena orain dela hiru urte galdu genuen, lehen maila probintzialean, hain zuzen. Etxean sekulako indarra erakutsi dugu, eta zaleei euren laguntza eskertu beharrean gaude.
Gure mailan, jende gehien Zubikoara etorriko da, ziurrenik; harmailak jendez lepo egoten dira eta norberaren herrian jendearen laguntza izan, partiduak aurrera atera eta giro hori ikustea... horrek ez dauka preziorik guretako. Amateur mailako saskibaloi onenetakoa ikusi ahal izateko zortea dugu Oñatin, maila honetatik gora dagoena erdi-profesionala izaten delako. Pitin bat utopikoa da guretako lehen maila nazionalean aritzea, eta zaleek ere badute zerikusia lortutako horretan, zalantzarik ez.

Orain herrian, Oñatin zaude, baina aurretik MU taldean aritu zinen...
20 urterekin hasi nintzen entrenatzaile lanetan, Oñatin; belauneko lesio larri bategatik jokatzeari utzi behar izan nion eta entrenatzaile izatera bideratu nuen nire ibilbidea.
Oñatin, Aloñan, hasi nintzen azpiko mailetan, baina ikasketak zirela-eta utzi egin behar izan nuen handik gutxira. Geldialdi luze samar baten ostean, Arrasaten bi urte eman nituen, MU taldearekin, Gorka Zurututzaren eta Iñaki Merinoren laguntzaile. Oso urte onak izan ziren haiek ere; lehenbizikoan, EBArako igoera faserako sailkatu ginen eta bigarrengoan EBAra igotzea lortu genuen. Arrasaten emandako urteak erabakigarriak izan ziren; ordura arte, zelanbait esateko, formazioa entrenatzailetzat neukalako neure burua. Arrasaten konpetizioa gertutik ezagutu nuen, eta entrenatzailearen lanean sakontzeko baita ere.

Telebistatik zein zuzenean partidu asko ikusten dituen horietakoa zaitugu?
Ez pentsa. Ez naiz saskibaloi profesionalaren jarraitzailea... NBA ez dut jarraitzen, adibidez, ACB Espainiako liga zertxobait... Baina ez zait askorik gustatzen telebista aurrean jarri eta partiduak ikustea.
Gure ligako partiduak ikustea atsegin dut gehien. Nahiago izaten dut gure kontra jokatu behar duten taldeak ikusi eta aztertzea.  Horrela ikasten da gehien, dudarik ez. Horregatik esan dizut isileko lan handia dagoela gure taldearen atzetik, eta eskertzen da errekonozimendua jasotzea, aurtengo Oñatiko kirol sariekin gertatu den moduan. Poz handia hartu dugu taldea osatzen dugun guztiok sari hori jasotzeagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak