Horia Colibasanu: "Annapurna tontorrean ez nuen negarrik egin nahi; Iñakik zioen moduan, ez deshidratatzeko"

Xabier Urtzelai 2010ko abe. 23a, 09:00

Maila goreneko kirolak joera makurra hartu du azken bolada luzean: dopin kasuak, enpresa bilakatu diren kirol taldeak, zaleen arteko istiluak... Baina, tarteka, istorio hunkigarriak iristen zaizkigu, epikoak, munduko txapelketako garaikur handienari itzal egingo lioketenak. Horia Colibasanurena da istorio horietako bat.

2008an Annapurnan hilzorian zegoen Iñaki Otxoa de Oltzaren ondoan egin zueneko istorioa. Lau egun lagunaren ondoan, haren biziaren alde ezer gutxi egin ahal zuela jakinda ere. Eguaztenean Oñatin izan zen.

Bi urte igaro dira Iñaki Otxoa de Oltza hil zela; ze oroitzapen duzu lagunaren ondoan egin zenituen lau egun haietaz?
Egun haietaz, konkretuki, orduko oroitzapen bera dut, ez da ezer aldatu, ez zait ezer ahaztu. Oso gogorra izan zen Iñakiren heriotza; aldatu den gauza bakarra da Annapurna eskalatzeko gogoa itzuli zitzaidala.

Gertaera haren gainean jendaurrean berba egitea Iñaki bizirik mantentzeko modua izan daiteke. Baina baita zauria zabalik mantentzekoa ere.
Nik uste dut lagun bat benetan maite duzunean, oso gertukoa denean, inoiz ezin dela haren heriotza gainditu. Hutsune horrekin bizi izaten ikasi behar da eta haren ametsak eta proiektuak aurrera ateratzea Iñaki bera gure artean bizirik mantentzeko modua da.

Pentsatzen dut lotura estua izango duzula haren senitartekoekin.
Bai, aldiro egoten naiz Pablorekin [Iñakiren anaia, eta elkarrizketa egiten lagundu ziguna] eta baita gainerako familiakideekin ere. Iñaki hil zenetik urtero etorri izan naiz Iruñera.

Mendian lagunak galtzen direnean zailagoa da berriro benetako lagunak egitea? Beste istripu baten aurrean horrenbeste ez sufritzeko modua izan daiteke.
Badakit zer esan nahi duzun, baina mendian benetako lagun onak behar dira. Alde horretatik, ezin dira hesiak ezarri. Hori bai, benetako lagun onak aukeratzeko tentu handiagoa izaten duzu. Izan ere, sekulako zortea izan nuen Iñaki moduko tipo jator eta indartsu bat ezagutu nuelako.

Gaur egun gertaera bera pasatuz gero, berdin jokatuko zenuke, zeure bizitza horrenbeste arriskatuko zenuke?
Badakit Iñaki nik bakarrik ateratzea ezinezkoa zela, mendizale askok esan didate gutxienez sei lagun beharko zirela lan hura egiteko. Baina nire buruari sarritan egiten diodan galdera da hori. Bestalde, Iñakik bihotzekoa izan zuenean lau egun egin nituen kanpin dendan, 7.400 metrora. Guztira, baina, sei egun neramatzan garaiera horretan, eta zazpigarrenari ez niokeen eutsiko. Arriskatu egin nintzen, baina ezin nuen Iñaki han utzi; berdin jokatuko nuke, bai.

Annapurnara itzuli zara aurten.
Annapurna niretako ez da kirol erronka, beste erronka moduko bat da. Iñakiren omenez igo nahi nuen gora, eta igoera osoan gauza bat nuen buruan: ez negarrik egin. Orain dela urte batzuk, K2ko gailurrera Iñaki ni baino ordu erdi lehenago iritsi zen, eta negarrez egon zen, lagun bat han hil zitzaiolako. Orduan esan zidan ezin zuela negar gehiagorik egin, bestela deshidratatu egingo zela, eta gailurrean Iñakiren berba horiek izan nituen gogoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak