Pilar Lerraga: "Tratu txarretan maitasun asko dago, baina gaizki ulertutako maitasuna da"

Amaia Txintxurreta Guridi 2010ko aza. 18a, 12:24

Tratu txarren kasuetan dena ez omen da gorrotoa, oinarrian gaizki ulertutako maitasuna dagoela dio Pilar Lerraga psikoterapeuta eta psikologoak. Beldurraren zama eta pertsona beraren suntsitzeaz jardun zen Oñatiko Kultura Etxean emandako hitzaldian eta horrelako kasuetan nola lagundu azaldu zuen.

Emakumeak askotan ezin dira aldendu tratu txarrak eragiten dizkien pertsonarengandik, horren zergatiaz ere jardun zen Lerraga eta esan zuen askotan arrazoi ekonomikoak edo haurrak izatearen aitzakiak jartzen dituztela, baina psikologikoki emakume horiek haustura izugarria daukatela. Horregatik, arrazoiak beti kanpoan bilatzen saiatzen omen dira; bai lanaren arazoak dituelako, edan egiten duelako, jeloskorra delako...


Horrekin batera, erruaren onarpena datorrela azaldu zuen psikologoak eta emakumeak benetan sinesten duela bera dela erruduna. Horrez gain, aurreikuspen falta duen egoeran bizi da, ondorioz, beldurtuta bizi da. Eta fase batzuk bereiztu zituen Lerragak: tratu txar psikologikoaren fasea eta tratu txar fisikoaren fasea. Baina horien ostean, barkamen eskaeraren fasea datorrela azaldu zuen psikologoak.

Bestalde, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen legearen inguruko zalantza asko dauzka Lerragak. Izan ere, esan zuen emakumearen gai bat bezala tratatzen dela, emakumeak daukala arazoa. Gizona, berriz, ez omen da hain gaizki ikusia gizartean eta gauzak asko aldatuko omen lirateke gizona gizartean gaizki ikusiko balitz.

Hala ere, gaur egungo egoeraren aurrean ez da batera optimista eta esan zuen ikerketa batek aditzera eman zuela gaur egungo neskek naturaltasunez hartzen dituztela zaplastekoak.

Legarrak argi utzi zuen maitasuna, maitatzeko eta zaintzeko dela, baina behin ere ez mina egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak