Aloña Mendi taldeak hartz arre baten garezurra aurkitu du, oso-osorik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko aza. 5a, 12:41

Leizetako hartza moduan ezaguna den hartzaren ondoan, hartz arrea oso zaila da aurkitzen, bakarka hibernatzen zuelako. Leizetako hartzak taldeka hibernatzen zuen. Beraz, aurkikuntza garrantzitsua egin dute Aloña Mendi Espeleologia taldekoek. Egun hiru edo lau kobatan galeria berriak esploratzen dihardute; Ubaoko Urzulo leizeko emaitzen berri laster izango dugu.

Historiaurreko sekretuak badira oraindik Debagoienean. Lur azpian daude eta batzuen esploraziorako grinaren beharra dute azaleratzeko. Lan horretarako gertu daudenak baditugu gurean: Aloña Mendi Espelelogia taldea, esaterako. Aurkikuntza aipagarriak egin ditu taldeak azken asteotan. Arantzazu inguruko Fraidebaso 01 izeneko leizean historiaurreko zenbait animalien hezurrak aurkitu dituzte. Koba esploratu gabe zegoen, sarbidea zaila delako –ikus argazkian–; 20 metroko lehenengo saltoa jaisteko beharrezkoa da soka.
Hala, leizea ikertzen eta topografiatzen ari zirenean, azkeneko galeriaren bukaeran sorpresa ederra zuten zain espeleologoek: hartz baten garezurra oso-osorik eta beste hezur batzuk. Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko departamentuko arkeologo bati argazkiak bidali eta prest agertu zen leizean sartu eta behar den moduan hezurrak jasotzeko. Halaxe egin zuen.

Eta arkeologoak esandakoaren arabera, hezur gehienak hartz arrearenak –oso pardo– dira, hartz handia, arra eta oraindik gaztea. Beste hartz oso gazte baten hezurrak ere aurkitu dituzte, lehena baino gazteagoa. Leizeetako hartza –Ursus spelaeus– hartz arrea –Ursus arctos– baino zaharragoa da, baina azkenekoaren datuak urriagoak dira. Kobazuloetako hartza oso ezaguna da Oñati inguruan, Arrikrutzeko haitzuloan aurkituak izan dira ehundaka animalien aztarnak. Izan ere, animali horrek taldeka hibernatzen zuen urtero leize berean. Ohitura hori zela medio, eta milaka urte igaro ostean, hildako leizetako hartzen pilaketa handi horiek ezagunak dira Europa osoan zehar. Hartz arrea, baina, bakarka lokartzen zen neguan eta ondorioz, horien hezurduren aurkikuntzak askoz ere arraroagoak dira.

Garai ezberdinetan sartu ziren
Aurkitutako bi hartzak garai ezberdinetan sartu ziren Fraidebaso 01 koban. Lehenean, haurdun zegoen eme bat koban sartu, lurrean zuloa egin, habia belarrez estali eta abendu eta urtarrila bitartean kume bat edo bi izan zituen, Aloña Mendikoek jakinarazi dutenez. Izan ere, aztertu dituzten hezurrek erakusten dute hiru hilabete inguru zituen hartz kume bat hil egin zela. Bestalde, bigarrena ar gazte bat zen, Fraidebaso 01-ra negua igarotzeko asmoz sartu zena. Gaixo edo hibernazioan gosez hil zela uste dute.
Andoni Olalde espeleologia taldeko kideak dioenez, "oso garrantzitsuak" dira "denondako" Fraidebaso 01-eko aurkikuntzak: "Lur azpiko sekretuak argitarazeko espeleologoek egiten duten lana beharrezkoa da, guztiona den ondarea hobeto ezagutu eta babesteko". 

Duela 10.000 urte inguru Oñatiko ekosistema ezagutzeko lagungarri dira aurkikuntzak

Aloña Mendi Espeleologia taldeak aurkitzen duen material arkeologiko eta paleontologiko guztia –oreinen eta basahuntzen hezurrak ere aurkitu dituzte– ondare publikoa da eta eurek ez dute ezer ere gordetzen. Material horren zaintza eta azterketa Donostian egiten da. Naturaren eta gizartearen bitartekari lanak egiten dituztela esan daiteke, beraz. Bada, bejondeiela egindako lanagatik, Fraidebaso 01 koban egindako aurkikuntza paleontologiko honek, berebiziko garrantzia dauka-eta Oñatiko duela 10.000 bat urteko ekosistema ezagutzeko.
Esploratzen jarraitzeko asmoa dute, gainera: orain Ubaoko Urzulo leizean dihardute lanean, jo eta ke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak