"Zahartzaroa gaixotasuna dela uste dute askok oraindik; pentsaera hori aldatu behar da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko mar. 31a, 11:44
Rosarioko (Argentina) unibertsitateko zuzenbide irakaslea den Maria Isolina Davobek 15 urte daramatza zahartzaroan espezializatutako zuzenbidearen gainean ikerketa lanetan. Asteon Lege Sozialeko Nazioarteko erakundean hartu du parte, gero eta zaharragoa den gizarte honek planteatzen dituen galderak erantzun guran.

Labur-labur esanda, nola definituko zenuke bi egunotan eztabaidagai izan duzuena?
Mintegia antolatu genuen honako gai hauen arteko harremana hainbat ikuspegi ezberdinetatik jorratzeko: zahartzaroa, bizi-kalitatea eta giza eskubideak. Aldaketa handiak ematen ari diren garaietan bizi gara, bizi-itxaropena gero eta altuagoa da eta horrek galdera eta zalantza berriak planteatzen ditu; esate baterako, erretiratu ostean bizi jarduera positiboki nola enfokatu, edo zahartzaroaren gainean dauden aurreiritziak nola ezabatu. Izan ere, egungo gizarteak errealitate berri hori onartu beharra dauka. 

Zeintzuk dira mintegitik atera dituzuen ondorio nagusiak?
Ezin da ahaztu mintegian mundu zabaleko espezialistak izan direla eta horrek mosaiko interesgarri bat erakutsi digu: besteak beste, Kolonbia, Mexiko, Brasil, Argentina, Espainia eta Euskal Herriko adituek euren errealitateak azaleratu dituzte. Eta errealitate horiek abiapuntu ezberdinak eman dizkigute; esaterako, biolentzia eta tratu txarra, zaharra izateagatik diskriminazioa, osasunari lotutako arazoak –zaharren egoitzetan sartzeko ematen diren arazoei garrantzi berezia eman diegu–. Izan ere, oraindik zahartzaroa gaixotasun moduan hartzen dute askok, eta pentsaera hori aldatu beharra dago.

Lege aldetik zeintzuk dira hutsune nagusiak?
Nazioartean eta kultura ezberdinetan, oro har, pertsona edadetuekin nola jokatu behar den iradokitzen duten agiriak daude, baina egun ez dago bitartekorik iradokizun horiek errealitate egiteko.
Gainera, egungo egoera gainditu behar dugu; hau da, pertsona edadetuen eskubideak neurri ekonomikoetatik haratago joan behar dira. Urrats kualitatibo hori ematen lehena Europa izan da. Logikoa da, zahartzen dabilen herrialdea delako. Are gehiago, zahartuta dagoen herrialdea dela esango nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak