XVI. mendeko Oñati irudikatu gura dute antzezlan baten

Iker Barandiaran 2009ko eka. 29a, 01:02
Makalena elkartekoak berriro hasi dira lanean, eta San Migeletarako XVI. mendeko Oñati erakutsiko dute ikuskizun baten; entseguetan dabiltza

Oñatiko Makalena elkarte gastronomikoaren taldea antzezlan berri bat prestatzen dabil. 1.542ko Oñatiko hitzarmena izenpean, herrian XVI. mendean zegoen giroa irudikatu gura dute, eta herriko plazan antzeztuko dute San Migeletan, oraindik eguna zehaztuta ez daukaten arren. Iñazio Irizar eta Jerardo Elortza dira testua idatzi, egokitu eta proiektua martxan jarri dutenak; eta dagoeneko entseguak hasita daude.

"XVI. mendeko giroa erakutsi gura genuen; Erdi Aroa bukatuta, garai oso berezia izan zen hori Oñatin", azaldu digu Jerardo Elortzak. Hain zuzen ere, sasoi horretan egin zuten Sancti Spiritu Unibertsitatea,  herrian untzak egiten hasi ziren, bizpahiru ola zeuden, sutegi asko, oñatiarrak Ameriketara joaten hasiak ziren eta Oñati demografikoki oso handia zen, ia 400 baserri eta 5.000 biztanle inguru zeuden herrian.

Pasarte ugari

Sasoi berezi horretako hainbat kontu jaso dituzte, antzezlanean erakutsiko dituztenak: kondearen eta herritarren arteko harremanak, sasoian aldi berean hiru alkate egoten zirela (kondeak aukeratutakoa, herriak aukeratutakoa eta beste), oñaztarrek eta ganboarrek herrian oraindik zeukaten eragina, Unibertsitatea bera eta parrokiako hainbat gauza eraiki zituen Rodrigo Mercado Zuazola eta beste.

Elortzaren esanetan, kontatzen duten guztia ez da justu gertatu zen moduan, antzezlana idazterakoan hainbat lizentzia hartu dituzte-eta. "Azken finean helburua izan da herritarrei Oñatiko garai berezi bat erakustea, nahiz eta kontakizuna arindu egin dugun".

Gainera, ahalegindu dira erakusten sasoian Oñatin zeuden pertsonaia ezagunak, lanbideak eta bestelakoak.

Taldeko ohiko aktoreak izango dira (24 bat), eta horiei gehitu beharko zaizkie lau abeslari eta laguntzaile izango dituzten abesbatzako beste lau bat kide.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak