Urte amaierarako bukatuko dituzte San Lorentzoko bi igogailuak

Ubane Madera 2010ko ots. 2a, 12:37
Igogailuekin 1.600 bizilagunek %60 irabaziko dute irisgarritasunean. Igogailu horren bitartez, auzoaren lehen altuera salbatu gura dute, 30 bat eskailera. Auzorako irisgarritasun planean bost milioi euro inbertituko dituzte.


Joan den eguaztenean hasi zituzten San Lorentzo auzoko bi igogailuen obrak, auzoaren erdialdeko jolasparkearen ostean, justu. "Hor kokatuko da igogailuetako bat", azaldu du Lourdes Idoiaga alkateak. "Obrek oztopo handirik ez dute eragingo, eskumako partea itxi egingo dute, baina jendea ezkerraldetik ibili ahalko da eta behe-barruetara iristeko arazorik ez da izango", gaineratu du. 
Igogailu horren bitartez, auzoaren lehen altuera salbatu gura dute, "30 bat eskailera".

Hamar hilabete bukatzeko

Bigarren igogailuak, berriz, plaza handitik abiatu eta bi solairu izango ditu, pasarela eta guzti, goiko eremuraino iristeko.
Bi igogailuen obrak 10 hilabetean bukatzea dute aurreikusita; urte amaierarako, beraz.
1.600 auzotar eta bost milioi euro
Igogailu berriek mesede handia egingo diete San Lorentzon bizi diren 1.600 auzotarrei,: "Irisgarritasuna irabaziko dute, %57 inguruan", jakinarazi du alkateak. Hori bai, herriko Udalak horretarako egin beharreko inbertsioa ere handia da: 900.000 bat euro.
Hala ere, San Lorentzo auzoa irisgarri bilakatzeko planaren zati bat besterik ez da hori; guztira, bost milioi euro inbertitzea aurreikusita du Udalak. "Eremu publiko guztia irisgarri bihurtu" gura dute; hala, espaloien koskak txikitu, oztopoak ezabatu eta halakoak egingo dituzte urteotan: "Urte bakoitzean eta aurrekontuaren arabera joango gara obrak egiten", zehaztu du alkateak.

Udal gobernuaren apustua

San Lorentzo auzoarekin batera, Errekalde da irisgarritasuna bermatzeko beharra daukan auzo bakarra Oñatin, "San Lorentzotik Olakuarakoa, plaza, eta Arkitekto Lizaurrerakoa irisgarri dago", azaldu du agintari nagusiak. "Inbertsioak ez doaz monumentu handiak egitera, baizik eta auzoak atseginago bilakatzea da gure helburua. Udal Gobernuaren apustu inportantea eta hauteskundeetako programan hartutako konpromiso zehatza da hori eta horrekin segituko dugu. ", dio Lourdes Idoiagak.  

Errekalde auzoko irisgarritasun lanak maiatzean

Errekalde auzoan ere egingo dituzte irisgarritasuna eta bide-segurtasuna bermatzeko lanak, ondo bidean maiatzean bertan hasita. Labur esanda, Errekaldeko kale osoa "plataforma bakarrean" ipini gura dute udal agintariek, "oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emanez", esplikatu du Idoiaga alkateak; hala, autoak ere ibili ahal izango dira Errekaldetik, "baina azkenak izango dira", zehaztu du, eta kontatu koloreak erabiliko dituztela plataforma bakar horretan egokituko dituzten guneak desberdintzeko. Kasu horretan, kalkulatu dute milioi bat euroko inbertsioa eta hamar hilabeteko epea beharko dutela obra hasi eta bukatzeko. Dena den, argi dute Errekaldeko auzotarrendako onura handia izango dela, "auzotarrekin eurekin adostutako proiektua da", jakinarazi du alkateak.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak