Txokolate jaia Oñatin

Aintzane Irizar 2007ko ira. 15a, 18:07
Euskal Herri osoko txokolategileek eta zaleek hitzordu garrantzitsua zuten gaur, zapatua, Oñatiko Foruen Enparantzan; Oñatiko II. Txokolate Azoka egin dute, Iparraldea Oñatin jaialdiaren barruan.

Foruen Enparantzara inguratu orduko usain berezia, goxoa, antzeman zitekeen gaur, zapatua, goizean: txokolate usaina, alegia. Iparraldea Oñatin jaialdiaren egitarauaren barruan antolatu dute, Laixan euskara elkarteak eta Klaxk txokolatezaleen elkarteak elkarlanean.

Hamarretik gora artisau txokolategilek parte hartu du azokan, Euskal Herri osotik etorritakoak: Gasteiz, Bilbo, Miarritze, Baiona, Irun, Tolosa eta Aizoaindik etorritakoak, hain zuzen ere. Eta noski, baita oñatiarrek ere: Gozokin, Natra Zahor eta Laket.

Eguerdi partean, artisauak pozik azaldu dira; goizean zehar jende asko ibili dela, jendeak interes handia erakutsi duela eta salmentak oso ondo joan direla adierazi dute.

Oñatiko txokolateak

Arrikrutzeko Harribitxia bonboia izan da gaurko protagonistetako bat. Arrikrutzeko kobazuloa ekainean inauguratu zuten eta gune turistiko eta natura-gune horrekin lotuta, Gozokin Oñatiko enpresak merkaturatu zuen Udalarekin elkarlanean. Sekulako arrakasta izatena ari da. Eta gaur ere halaxe gertatu da.

Laket dendaren kasua ere aipatzekoa da; izan ere, txokolaterapiako produktuak izan dituzte salgai, estetikarekin eta edertasunarekin lotutakoak: xaboiak, kremak eta abar.

Natra Zahorren gainean, zer esan. Aski ezagunak dira Oñatiko txokolate lantegi honen produktuak herrian eta inguruetan. Denerako produktuak izan dituzte hauek ere, hori bai, txokolate goxoz egindakoak guztiak.

Sukaldea plazara

Txokolategile artisauez gain, sukaldea ere jarri dute plazan, kioskoaren aurreko aldean. Hantxe jardun dute bonboiak egiten Zelai-Zabal jatetxeko gozogileak eta Zahor lantegiko bonboigile batek. Trufak, txokolatezko mousseak eta era guztietako bonboiak jarri zituzten jendearen eskura, zentimo batzuen truke. Baita egiteko txokolatea ere.

Bigarren aldia

Orain dela bi urte antolatu zuen Klaxk elkarteak lehen aldiz Oñatiko Txokolate Azoka. Orduko hartan nazioarteko azoka izan zen eta Espainiako zein Frantziako txokolategileak etorri ziren. Aurtengoa bestelako azoka izan da; Euskal Herriko artisauek bakarrik parte hartu dute. Horren arrazoia izan da Iparraldea Oñatin egitarauaren barruan antolatu dutela azoka.

Anton Azpiazu Klaxk elkarteko kideak azaldu duenez, elkartearen asmoa da bi urtetik behin azoka hori antolatzen jarraitzea. Dena dela, aurreratu du bi urte barru egingo duten azokak hainbat berritasun izango dituela.

Bestelako produktuak

Txokolateaz gain, bestelako postuak ere topatu ditugu Oñatiko plazan. Besteak beste, atzo bertan Anton Azpiazuk aurkeztu zuen liburua egon da salgai: La amargura del cacao y la magia del chocolate. Azpiazu bera postuan egon da jendeari liburua sinatzen. Pozik azaldu da txokolatearen historiaren ikertzailea liburuak izan duen harrerarekin: "Atzoko aurkezpenean jende mordoa egon zen eta oso ondo joan zen ekitaldia. Liburu mordoa saldu zen eta egun garrantzitsua izan zen niretako". Hamabost urteko ikerketa lanaren emaitza da Azpiazuren liburua.

Bestalde, Laixanek Iparraldea Oñatin jaialdira begira argitara eman duen Axularren hiztegia liburua erosteko aukera ere izan da azokan. Oñatiko Turismo bulegoak ere jarri du postua bere produktuekin eta Oñatiko turismo eskaintzaren berri eman diete kanpotik etorri den jendeari.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak