Toti Martinez de Lezearen 'Otalorea' edo 'La flor de la Argoma' liburuaren aurkezpen ekitaldi jendetsua

Miren Arregi Amasorrain 2008ko abe. 3a, 17:29

Inoiz ez du liburu baten aurkezpen ekitaldiak horrenbeste jende bildu Oñatin, atzo Toti Martinez de Lezearen azken lanaren aurkezpenak egin bezala. 'Otalorea' edo 'La flor de la Argoma' liburuak, XIX. Mendeko Araotz auzoan du kokaleku nagusia, hirugarren karlistadak gure herria astintzen zuen garaian.

Araotzeko Urrondo baserriko lau semeak umezurtz gelditzen direnean hasten da eleberriaren korapiloa. Hirugarren karlistadaren garaian kokatuta, lau semeak Loiolako jesuitengana bidatzen dituzte eta bertan bizi izango dira harik eta Isabel II. Espainiako erregina kanporatu eta agintariek erlijio etxeak ixten dituzten arte. Loiolako jesuiten etxea itxita, Urrondotarrak baserrira bueltatzen dira, Araotza, eta bertan, bete betean harrapatzen ditu hirugarren gerrate karlistak.

Istorio gogor eta bortitza da Urrondotarrena. Araotzen du istorioak epizentroa, baina hortik, Oñatiko kaleak, Arantzazu, Urbia eta Oñatiko hainbat txokotara bidaiatzeko aukera eskaintzen du eleberriak.

Beste batzuen artean, Totik adierazi zuen, oñatiarren izaera askea islatu gura izan duela Otalorean.

Anaien arteko liskarrak, emakume batenganako maitasuna, karlismoaren eragina eta biolentzia, propietatea eta herentzia kontuak… horiek eta gehiago aurkituko ditu irakurleak Martinez de Lezearen azken lanean.

Aretoa lepo bete zuten atzo Oñatiarrek eleberriaren aurkezpen ekitaldian. Euskarazko eta gaztelerazko bertsioak, biak aurkeztu zituzten eta jende mordoak erosi zuen liburuan irteeran. Ukaezina da, Otalorea edo La flor de la Argoma liburuaren aurkezpen ekitaldiaren arrakasta.

Esan bezala, tradizioak, pasioak, liskarrak eta familia bereko kideek bizitzaren gainean dituzten ikuspegi kontrajarriak dira XIX. Mendearen erdialdean errotutako eleberriaren osagai nagusiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak