Simon Arrietaren lan ezezagunak bildu dituzte erakusketa batean

Mireia Bikuña 2009ko urr. 1a, 14:42
Simon Arrieta (Bergara, 1915-1969) hil zela 40 urte bete direla-eta, haren lanekin erakusketa zabaldu dute bihar Aroztegi aretoan. Erakusketa ikusgai egongo da urriaren 18ra arte, astelehenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.

Guztira, 30 lan bildu dituzte. Bergarako bizilagunek utzitako lanak dira. "Bagenekien Arrietaren lan batzuk etxe partikularretan zeudela. Pertsona horiekin jarri ginen harremanetan, eta Arrietaren heriotzaren 40. urtemugan egiteko asmoa genuen erakusketarako margolanak eskatu genizkien. Lanak Bergarako bizilagunenak dira, bat izan ezik, Legazpitik ekarri duguna", esan digu erakusketa antolatzen ibili den Luis Laskurainek.
Partikularrek utzitako lanekin Simon Arrietaren bizitzako etapa ezberdinak erakutsi nahi dituzte. "Ez genuen erakusketa antologikorik egin nahi. Arrietaren etapa batzuk azpimarratu nahi genituen; besteak beste, hasierako urteak eta Arrietaren une onenak", dio Laskurainek.

Bukatu bako lanak

Aroztegin bildu dituzten margolanetako batzuk bukatu barik daude eta beste batzuk ezezagunak dira. "Arrietaren alor ezkutua, ezezaguna erakutsi nahi genuen. Ez zen ohikoak itsasoari buruzko margolanak egiten ikustea, baina egin zituen. Ikusleak harritu egingo dira", esan digu Laskurainek.
Arrietaren gaineko erakusketa antolatzen buru-belarri ibili dira azken hilabeteotan. Prozesu luzea izan da. "Erakusketa ezberdina egin nahi genuen. Ideia garbi izan genuenean, koadroak topatu, jabeekin hitz egin eta erakusketa muntatu dugu. Azken egunotan ordu asko egin ditugu Aroztegin erakusketa muntatzen", diote.

Erreferentzia

Lan astuna egin arren, gustura daude erakusketarekin. Arrieta erreferentzia izan da margolari bergararrendako: "Herrian horrenbeste margolari egotearen errua Arrietarena da. Arrietaren meriturik handiena pinturarako zaletasuna besteengan piztea izan zen. Zaletasun horrek aurrera egin du urteetan, eta orain ikus daitezke emaitzak".

15 urterekin hasi zen

Simon Arrieta Arostegi Bergaran jaio zen 1915. urtean. 15 urterekin hasi zen margotzen, Eustakio Agirreolearekin. Pradoko Museoan erakusgai  zeuden lanen kopiak egin zituen. Mallorkara bidali zuten soldadutza egitera, eta Palman Arte Ederretako Zirkuluak antolatutako udaberriko lehen erakusketako ohorezko aipamena jaso zuen. Bergarara itzuli zenean, Gipuzkoako Artista Berrien XII. sariketako lehen saria lortu zuen.
1945. urtean Bilboko Eskulangintza Galerian 24 mihise jarri zituen erakusgai eta kritikariek maisulantzat jo zituzten. 1950eko irailean Madrilera joan zen bizi izatera. Arte Ederretako Zirkuluko Minerva aretoak ateak zabaldu zizkion 1952ko maiatzean. 1953. urtean, Bergarara itzuli zen, Bergarako Eskola sendotzeko asmoz. Donostian eta Bilbon erakusketak egin zituen. 1969ko otsailaren 15ean hil zen, Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak