Oñatin 50 edizio txakurren trebetasunak erakusten

Mireia Bikuña 2009ko ira. 25a, 14:27
Oñatiko nazioarteko artzain-txakur txapelketak 50. edizioa beteko du domekan. Euskal Herriko, Kataluniako, Mallorkako eta Frantziako txakur trebeenak egongo dira Santa Lutziako zelaian, 10:30ean. Hain zuzen ere, 'Riki', 'Ttiki', 'Bat', 'Txiki', 'Nuca', 'Txiko', 'Calio', 'Txintxo', 'Corc', 'Usso' eta 'Una' txakurrak izango dira protagonistak. Haiekin batera lehiatuko da iazko irabazle 'Bizkor', Ilarduiako (Araba) Jose Mari Jauregiren aginduetara.

Baina txapelketa bera ez da izango etziko ekitaldi bakarra. Izan ere, omenaldia egingo diete bizirik dauden txapeldun guztiei. Santa Lutzian elkartuko dira guztiak ikusleen txaloak eta omenaldia jasotzeko.
Txapelketa bukatu ondoren herri bazkaria egingo da Soraluze jatetxean. Bazkaria irekia da eta herritar guztiak gonbidatu gura dituzte. Txartelak Oñatiko tabernetan eros daitezke.

Aldaketak

Hasierako txapelketetan ez zituzten ardiak hesitik pasatzen eta eskortan sartzen. Urtetan proba berak egin dituzte, baina domekan hainbat aldaketa egingo dituzte: lehen proban txakurrek ardiekin jardun beharko dute zuzenean; lehenengo, artaldea bilduz hesi zabal batetik pasaraziz, eta jarraian beste hesi batetik pasako dituzte. Bigarren proban, banderatxoak ipiniko dituzte ibilbidean eta horien artean pasa ondoren eskortan sartu beharko dituzte ardiak. Txakur trebeenak irabaziko du txapela.

Lehen irabazlea

1955. urteko irailaren 25ean antolatu zuten Oñatiko Gastiasoroko zelaian Primer Concurso Vasco-Navarro de perros de pastor txapelketa. Arrasateko Jose Iturbek lortu zuen lehen txapela. Ondo gogoratzen du txapelketa hura, parte hartzeko soldadutzan baimena eskatu behar izan zuen-eta. "Donostian nengoen soldadu eta aitak deitu zidan esanez Oñatin txapelketa egitekoak zirela eta etxeko txakurra gertu zegoela parte hartzeko. Kuartelean baimena eskatu eta, lehiaketari buruz ezer gutxi jakinda, Gastiasorora joan nintzen", gogoratzen du. Lehen txapela Txino txakurrarekin irabazi zuen. "Txakur argia eta borondate handikoa zen. Haren ondoren beste txakur batzuk izan nituen, baina ez horren onak".
Lehen txapelketan parte hartu zuen Bixente Urtzelai Amiño oñatiarrak. Bigarren sailkatu zen Greko txakurrarekin. "Txapelketa oso parekatua izan zen. Iturbek eta biok lan ona egin genuen txakurrarekin, baina Txino-ri eman zioten txapela. Kontua da Iturberen txakurra ura edatera joan zela errekara eta epaimahaikoei gustatu egin zitzaien txakurraren jarrera", esan digu. Urte askoan lehiatu da Amiño Oñatiko txapelketan, eta sei alditan geratu da bigarren. Arantza bat geratu zaio, ordea: ez du inoiz txapela irabazi. "Etxetik kanpo txapelketa asko irabazi nituen, baina Oñatin bat ere ez. Beti puntu bat atzetik geratzen nintzen, eta amorrua ematen zidan".
Egun, txapelketara joaten da, baina lanera: "Murgiarako bidean txorizoa eta ogia saltzen egoten naiz, baita domekan ere. Giro polita egoten da, baina ez da hasierako urteetan biltzen zen jendetza etortzen".

"Ez dut esperantzarik galdu"

Jesus Mari Plazaola arrasatearra 1971. urtean, 14 urterekin, hasi zen txapelketetan parte hartzen; baina Oñatin 1975. urtean lehiatu zen lehen aldiz Turko txakurrarekin. Euskadiko txapela irabazi zuen lau alditan eta Gipuzkoakoa hirutan, baina Oñatikoa ez zuen irabazterik izan: "Sei urtetan bigarren geratu nintzen. Dena den, txapela janzteko esperantzarik ez dut galdu", diosku. Aurten ez da txapelketatan ibili, begia minduta edu

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak