Oñatiko zinema aretoak euskarari egiten dion lekua aztertu dute

Txomin Madina Milikua 2007ko ots. 27a, 18:16
Euskararen gizarte erakundeen kontseiluak, zinema aretoetako euskararen erabilerari buruzko azterketa egin du Euskal Herriko 29 aretotan oinarrituz. Tartean Oñatiko zinema egon da. Orokorrean egoera kaxkarra bada ere, Oñatikoak nahiko nota ona lortu du.

Bi alderdi aztertu ditu Kontseiluak argitaratu berri duen ikerketak: batetik, filmen eskaintza eta bestetik zinema aretoetan euskarari egiten zaion lekua.

Filmen eskaintza

2006an Kutsidazu bidea Ixabel eta NomadakTX bezalako filmei esker euskarazko filmen eskaintza igo egin bada ere, hemen egindako filmen eskaintza oso murritza da, eta gehienak haurrendako filmak izan ohi dira. Iaz arrakasta gehien izan zuten 10 filmetatik, bat bera ere ez zen euskaraz eskaini. Hori dela eta, kontseiluak hizkuntza eskubideak nabarmen urratzen direla ondorioztatzen du, araudiaren arabera, hizkuntza komunitate orok eskubidea baitauka lurraldeko hizkuntza propioak toki nagusia har dezan kultur gertakari eta zerbitzuetan.

Bestelako zerbitzuak

Euskal herriko zinema aretoetan euskararen erabilera atertzeko, zinema aretoen webguneak, giza baliabideak, espazioaren inguruko argibideak  eta zinemetan banatzen diren doako aldizkariak hartu dira kontuan. 29 areto aztertu dituzte denera, eta emaitzak ez dira batere onak izan, batez ere Iparraldeko zinemei dagokienean. Ibarretik, Oñatiko zinema izan da aztertu duten bakarra, eta 10etik 5,7ko nota lortu du, orotara erabileran 3 izan delarik.

Euskaraz ikusteko aukera gutxi

Ansoalde enpresa azpeitiarra arduratzen da Oñatiko zinemaren kudeaketaz. Bertako arduradunekin harremanetan jarrita esan digute, pasa den urtean 10-12 film inguru eskaini zituztela euskaraz, gehienak ere haurrendako saioetan. Euskaraz egindako pelikulei dagokienez, Aupa Etxebeste! eta Kutsidazu bidea Ixabel filmek arrakasta handia izan zutela esan digute, ez horrenbeste Obaba-k, baina ez hizkuntza kontuagatik, film bera hain komertziala ere ez delako baizik. Arduradunek esan digutenez, filmak euskaraz eskaintzen direnean, ikusleek ondo erantzuten dute, baina arazoa hor dagoela azaldu digute: ez dagoela aukera askorik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak