1760. urtean
Lizargarateko Txamao 1760. urtean kokatzen da. Oñatiko unibertsitatea Euskal Herriko bakarra zen. 230 bat ikasle zituen, gehienak herrian bizi ziren kanpotarrak ziren. Batez ere, zuzenbidea eta medikuntza ikasten zuten. Euren artean –ikasleen eta herritarren artean– gertatuko istorioa kontatuko dute Makalenakoek. Antzezlana unibertsitate aurrean egingo dute, eta ordubeteko iraupena izango du. Antzezlanak bi istorio ditu: bikote batek ezkondu edo ez erabakitzeko duen auzia, bata; eta, unibertsitateko ikasleen eta herritarren arteko desafioa, bestea.
Gazteen parte-hartzea
Antzezlan berriaren aurkezpena egiteko prentsaurrekoa egin zuten eguenean Makalena elkartean, Ixidro Palazin, Karmen Biain, Jabier Altube, Irati Lete eta Julen Kortabarria egon ziren ekitaldian.
Azpimarratu zuten esku artean duten antzezlanean elkarteko gazte askok parte hartuko dutela. "Hori da aldaketa nabarmenena. Laneko protagonista nagusienen artean bost, neska-mutil gazteak dira. Bertsolari gehienak ere gazteak dira. Makalena elkarteko bazkideen seme-alabak dira", esan zuen aurkezpenean Jabi Altubek.
Entseguak apirilean hasi zituzten. Eguenero biltzen dira Txantxiku Ikastolako jolastokian, 19:00etatik 20:30era.
Liburua, irailean
Makalenakoek Olaitturri kultur elkartea sortu zutenetik, bi antzezlan egin dituzte:Oñatiko hitzarmena iaz, eta Lizargarateko Txamao aurten. Bi lan horien gaineko liburua idazten dihardute Inazio Irizarrek eta Jerardo Elortzak. Aurkezpena egingo dute irailean, baina ez dute eguna zehaztu oraindik.