Kaleko piboteak giltza bakarrarekin jaisteko proiektua martxan da

Mireia Bikuña 2010ko mar. 5a, 09:51

Suhiltzaileek eta larrialdietarako zerbitzuek erabiliko dute Giltzagune egitasmoko giltza. Guztir 12 giltzagune jarri dituzte Kale Barrian, Kale Zaharrean, herriko plazan eta inguruko kaleetan. Oñati aitzindari da, eta Gipuzkoako beste herri batzuetara zabalduko dute emaitzen arabera

Giltzagune egitasmoa gertu du Udalak. Piboteak dituzten kaleetan sartzeko giltza bakarra gertu dute suhiltzaileek eta larrialdietako zerbitzuek. Horrekin  pibote mugikorra jaitsi eta etxe guztietara heltzeko bidea izango dute. Horixe da, izan ere, Giltzagune proiektuaren helburua: larrialdi zerbitzua herriko kale guztietara helaraztea.

Altzairuzko ontzia

Giltzaguneak herriko 12 lekutan ipini dituzte; guztiak, Kale Barrian, Kale Zaharran, herriko plazan eta inguruko kaleetan. Paretatan ipini dituzte eta giltzagune guztiak larrialdi zerbitzuetako kideek edukiko duten giltza bakarrarekin zabalduko dituzte. Hodi formako altzairuzko ontzi batzuk sartu dituzte paretetan. 15 zentimetro dituzte luzeran eta zortzi zentimetroko diametroa. Ontzi horien barruan daude pibotea jaisteko eta igotzeko giltzak.
Giltzaguneak jarrita daude aspalditik, baina martxan ipintzea atzeratu egin dute, suhiltzaileek eta larrialdi zerbitzuetakoek euren GPSetan guneen koordenadak sartu behar izan dituztelako.

"Sistema aproposena"

Giltza bakarra erabiliko duen lehen herria Oñati izango da; aitzindaria, hortaz. Foru Aldundiak toki guztietan larrialdi zerbitzua emateko modu "aproposena" dela dio. Horren harira, Gipuzkoako gainontzeko herrietara zabalduko da Giltzagune proiektuarekin bat egiteko aukera. Gero, herri bakoitzak dituen beharren arabera erabakiko du zer egin behar duen; alegia, giltza edo urruneko agintea erabili erabakiko dute. Hori horrela, larrialdietako zerbitzuen giltza bakarra beharko dute Gipuzkoako herri guztietarako.

Lankidetza hitzarmena

2009ko maiatzaren 4an sinatu zuten lankidetza hitzarmena Oñatiko Udalak, Osakidetzak eta Foru Aldundiak. Elkarrekin koordinatuko dute egitasmoa, zirkulazio mugatua dagoen erdiko kaleetan larrialdi zerbitzuek erantzun azkarra eman dezaten. Horretarako, Aldundiak eta Osakidetzak eginkizun zehatzak izango dituzte; hain zuzen ere, Aldundiak giltzak gordetzeko ontziak konponduko ditu; eta Osakidetzak zerbitzuak koordinatuko ditu. Udalak, bere aldetik, 12 giltzaguneak jarri ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak