Juan Maria Uriarte: "Bake bideak asmatzea eta gauzatzea izan behar da herriaren ordezkari eta alderdi politiko guztientzat ezinbesteko ardura"

Irati Agirreazaldegi 2007ko ira. 9a, 20:11
Gipuzkoako zaindari Arantzazuko amabirjinaren egunean jendez lepo izan dira Arantzazuko basilika eta inguruak. Eusko Jaurlaritzako, Batzar Nagusietako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Oñatiko Udaleko ordezkariekin batera txoko askotatik bertaratu dira fededunak.

Goizean goiz hasi dira erromesak iristen Arantzazura. Eguerdiko hamabietako kanpaiekin eta Oñatiko txistularien doinuz abiatu dira agintariak basilikara. Tartean, besteak beste Miren Azkarate, Nuria Lopez de Gereñu, Esther Larrañaga, Eneko Goia, Jose Ramon Beloki, Pello Gonzalez, Lurdes Idoiaga eta Oñatiko Udaleko zinegotziak.

Basilikan Jose Maria Uriarte gotzainak emandako meza entzun dute.
Gotzainaren hitzetan, "herritar eta kristau batentzat bakegintza ez da beste aukera batzuen artean aukera bat. Amorruagatik, utzikeriagatik edo etsipenagatik bakearen alde ahal duena egiteko prest ez dagoenak, ez du kristau fedeak eskatzen diona betetzen. Bakoitzak bere eremuan  bakearekiko zorra ordaindu behar dugu". Gaineratu du, "bake bideak asmatzea eta gauzatzea izan behar da herriaren ordezkari eta alderdi politiko guztientzat ezinbesteko ardura". Bestalde, esan du erakundeen eta taldeen egitekoa urria dela herria ikusle geldoa bada bakegintzan.
   
ETAri eskaria
Bakea hizpide izan den egunean agintariek ETAren komunikatuaz hitz egin dute. Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako eledunak esan du: "ETAk lehengo lepotik burua. Borrokan jarraitu behar du. Bost axola zaio gizarteak zer esaten duen, beretzat hartuta dauka herri honen ordezkaritza eta ez dakit noiz konturatu behar diren herri honek ez dituela nahi".

Markel Olano Gipuzkoako Aldun Nagusiak esan duenez, "ETAri eskatzen diogu behin betiko armak utzi ditzala eta hori komunikatu batean adierazi dezala. Hori da gure herriaren normalizazio politikorako eta bakerako  ezinbesteko eskaria".

Gipuzkoarron egun berezia

Markel Olanok Arantzazuko amabirjinaren eguna bera ere hartu du ahotan: "Gipuzkoarrontzako  seinalatua da eta sentsibilitate bereziarekin bizi dugu Arantzazuko amaren eguna. Arduraz etortzea tokatu arren biak nahasten dira ardura eta norbere barrua".

Lurdes Idoiaga Oñatiko alkatea ere gogotsu izan da Arantzazun. "Guretzat txikitatik izan da berezia Arantzazura etortzea amabirjinaren egunean; bai ospakizun modura eta baita sentimendu modura ere. Udalean nagoenetik hurbilagotik bizi ditut jendearen pentsamendu eta adierazpenak. Hala ere, oñatiar denontzat alkate izan ala ez izan berezia da egun hau".

Amabirjinari egun berezi honetan bakea eskatu diola esan digu Oñatiko alkateak: “Herri honek bakea merezi du eta eskatu dut denok izan dezala gaitasuna bakoitzak bere tokitik eta inori errurik bota gabe eta besteei bakarrik eskatu gabe bakerantz pausu bat emateko. Hori noizbait lortzea da nire esperantza".

Frantziskotarren opari
Arantzazun urte guztia ematen duten frantziskotarrendako ere egun berezia da. "Oso berezia da. Guretzat urteko egunik garrantzitsuena. Guretzat egun hau ospatzea opari handia da, batez ere hainbeste jende eta erromes ikusita eta bederatziurren guztian  Arantzazu beteta dagoela ikusita. Bestalde, gaurtik aurrera ardura ere badugu mezua zabaltzeko eta herritik gertu egoteko: fededunentzako mezua, kultura desafioa eta naturaren mezua eta berau zaintzeko ardura", esan zigun domekan Iñaki Beristain frantziskotarrak.

Elizkizunaren ostean, Udal Musika Bandaren doinuak entzun eta agintariek Zelai Zabal jatetxean bazkari batekin ospatu dute amabirjinaren eguna.

Presoen eskubideen alde
Bien bitartean, euskal preso politikoen senide eta lagunek elkarretaratzea egin dute basilikaren sarreran agindariak sartu eta irten bitartean. Etxeratek deitutako agerraldian eskatu dute presoen eskubideak errespetatzea. Gainera, Miren Azkarateri presoen eta kartzelen egoeraren gaineko txosten bat helarazi zdiote eskatuz agintari politikoek konpromisoa har dezatela egoera hori hobetzeko. Dispertsioa, hiru laurdenak beteta dituzten presoen kaleratzea eta gaixo dauden presoak ditu hizpide besteak beste txostenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak