Irailean inauguratuko dute Arantzazuko auzo-etxea

Mireia Bikuña 2010ko eka. 4a, 10:40
Solairu bakarrekoa da eta jangela, sukaldea, komuna eta gelak izango ditu, eta Arantzazun bizi direnak eta haien oinordekoak dira bazkideak

Arantzazura heldu baino lehen, Kortakoagain aldean ikusten da eraikin berria, errepidetik. Solairu bakarreko eraikina da. Jangela, sukaldea, komuna eta gelak izango ditu. Jangelan beiratea jarriko dute. Kanpotik zuri kolorekoa da. Gainera, ingurumenarekiko eragina ahalik eta txikiena izan dadin, teilatuan, kanpotik, belarra jarriko dute.
Eraikina Ugarte enpresak egiten dihardu, baina inguruko urbanizazio lana auzotarrek egingo dute. "Egubakoitz, zapatu eta domeketan elkartzen gara auzoan beharrezkoak diren lanak egiteko", esan digu Arregik.

55 bazkide

Arantzazuko auzo-alkatea pozik dago eraikin berriarekin. "Behar-beharrezkoa genuen auzo-etxea. 48 urtean egon gara elkartzeko eta auzoko gaiak aztertzeko lokal barik. Auzoa gainbehera zetorren. Baina auzo-etxearekin giza harremanak sortu eta auzoko giroa indartuko dugu", esan digu Jabier Arregik.
55 bazkide ditu auzo-etxeak, guztiak Arantzazun bizi diren baserritarrak eta haien oinordekoak. Arregik esan digu auzo-bazkariak eta afariak eta bilerak egiteko erabiliko dutela.

Auzo-eskolatik auzo-etxera

1898a ezkero, Arantzazuko auzo-eskola egun aparkalekua dagoen tokian zegoen. Bi solairu zituen: behean eskola, sukaldea eta komuna; eta goian bi logela, sukaldea eta komuna. Bigarren solairu hark balio zuen baserriren batek su hartzen zuenean eraberritu bitartean hara bizi izatera joateko. 1961ean, autoen aparkalekua egiteko enbarazu zela-eta, bota egin zuten. Ordutik hona dihardute auzotarrek biltzeko lokala eskatzen. Gandiaga Topagunea egin zutenean ere lokala eskatu zuten han.
Arantzazuko aparkalekua egiteko dokumentu bat sinatu zuten Udalak, frantziskotarrek eta auzotar batzuek. Baina desagertu egin zen. Urte batzuk geroago, fotokopia agertu zen, baina ordurako, auzo-etxe berria egiteko lehen pausoak ematen hasiak ziren. Frantziskotarren laguntza azpimarratu digu Arregik: "Telesforo Zuriarrainekin egin genuen berba, eta hark esan zigun lursaila topatzeko, eurek ordainduko zutela, eta ondoren lagapena egingo zigutela. Horregatik guztiagatik, eskerrak eman gura dizkiegu".

dirulaguntzak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak