Hogei atzamarrekin egindako makina bat doinu entzungai Gaztelekuan

Arritxu Barruso 2010ko mar. 27a, 19:51
Iñaki Plaza eta Ion Garmendia musikariek euskal musika tresna tradizionalen inguruko lezio bikaina eman zuten bariku iluntzean Oñatiko Gaztelekuan; interesgarria, benetan. Makina bat bider entzun eta ikusi ditugun tresnak sakon ezagutzeko aukera eskaini zuten; ze doinu mota ateratzen duten, ze materialez eginak dauden, ze beste instrumenturekin laguntzen diren...

Txalaparta doinuek ireki zuten Plaza eta Garmendiaren saio didaktikoa eta ondoren etorri ziren txistua, danbolina, txirula, trikitia, panderoa eta alboka. Guztiek ezkutatzen zuten  sekreturen bat; trikitia zabaldu eta barnealdean dituen lau akordeoi erraldoiak erakutsi zituen Iñaki Plazak. Panderoak ere bazuen bere sekretua; orain dela 160 urte inguru iritsi zen Euskal Herrira eta bere kriskitinek ateratzen duten zaratak eman zion izena trikitiari (trikiti-trikiti). 

Berritu eta uztartu

Bertako instrumentuak ezagutu ostean doinuak nahasten hasteko momentua iritsi zen; horixe da, hain justu ere, bikote honen abilezia: musika tradizionala eta modernoa uztartzea edo beste era batera esanda, betiko musika tresnak eta eurak propio asmatutakoak uztartzea. Saioaren zati honetan hirugarren taldekide baten laguntza izan zuten. Kepa Calvok bateriarekin lagundu zien.
Bigarren zati hori ere txalapartarekin hasi zuten, baina kasu honetan plastikozko bidoi erraldoi batzuk ipini zituzten ondoan; txalapartaren egurra eta bidoien plastikoa konbinatuz doinu dotorea, dantzagarria eta trinkoa atera zen.
Beste herrialde batzuetako musika tresnak ere eroan zituzten Gaztelekura. Indiako tablak (tinbal antzerakoak) edo Trinidad eta Tobagon erabiltzen duten Steel drum izeneko bat.
Saioa berandu hasi zuten jende gutxi zegoelako, baina amaierarako talde polita elkartu zen Gaztelekuan;  joan aurretik beste abesti bat eskatu zieten, baina ez zen nahikoa izan;  berandu iritsitako ikusleak gogoarekin geratu ziren.

'20 hatz proiekt'

Plaza eta Garmendia uztartzen, asmatzen eta berritzen abilak dira eta abilezia horretatik jaio da 20 Hatz Proiekt izeneko proiektua; izen berarekin diskoa argitaratu zuten pasa den urtean. Bi mutil hauek hogei atzamar batzen dituzten arren, horiekin makina bat doinu erakargarri eta interesgarri lortzen dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak