Herritarrekin adostu dituzte Oñatiko bidegorri sarearen gaineko erabakiak

Mireia Bikuña 2009ko eka. 15a, 19:25
Oñatiko Udalak herriko bidegorrien sarea nola egin zehazteko herritarren partaidetza izan du. Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Kudeatuz proiektuaren barruan kokatzen da, eta gaur aurkeztu dute Oñatiko udaleko osoko bilkuren aretoan. Ekitaldian egon dira, Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko diputatu Edurne Egaña, Oñatiko alkate Lourdes Idoiaga, eta Oñatiko zinegotzi Jose Mari Igartua eta Angel Biain.

Bilerak eragile ezberdinekin

2008ko azaroaren 10ean sinatu zuen Oñatiko Udalak Kudeatuz proiektuan parte hartzeko hitzarmena. Helburua zen udalaren funtzionamenduan herritarren partaidetzarako metodo bat ezartzea. Horren harira, udal arduradunek pentsatu zuten bidegorri sarearen gaineko proiektua aukerakoa zela metodo berria probatzeko.
Ander Irusta geografoak egin zuen bidegorri sarearen gaineko proiektua. Udalak Txirrinka taldearen esku utzi zuen azter zezan, eta ondoren, erabakiak hartu aurretik, herriko eragileekin biltzea adostu zuten. Guztira, zazpi bilera egin dituzte. Besteak beste, merkatarien eta ostalarien ordezkariek, politikariek, teknikariek, lau ikastetxetako ordezkariek eta ezinduek –batez ere, itsuek – parte hartu zuten bileretan.
Siadeco izan da Oñatiko Udalaren aholkularia Kudeatuz proiektuaren barruan, eta euren laguntzarekin eta herritarren partaidetza zuzenarekin adostu dituzte bidegorri sarearen gaineko hainbat kontu; besteak  beste, trazatua eta oinezkoendako kaleetan bidegorria nola txertatu zehaztu dituzte. Gainera, bidegorri sarearen lehen trazatua zein izango den adostu dute: Olakua auzoan hasi eta Bidaurretako biribilgunerainoko tartea. Lanak urtea bukatu aurretik hasiko dituzte.
"Orain arte lan astuna egin dugu", esan zuen alkateak aurkezpenean, "baina, bide luzea dugu aurretik. Hurrengo pausua, bidegorriko trazatuaren lehentasunak zehaztea izango da. Tramu bakoitza noiz egingo dugun adostu beharko dugu".

Zenbat urte bide osoa egiteko

Ia zazpi kilometroko luzera izango duen bidegorri sarea urte askotan zehar egiteko proiektua dela esan du alkateak. "Gure aurreikuspenek diote zortzi-bederatzi urtetan bukatu beharko genukeela bidegorri sarea; baina, krisia luzerako bada, agian 12 urte beharko ditugu".

Bi helburu

Foru Aldundiak garatu asmo duen Kudeatuz proiektuak bi helburu ditu. Alde batetik, gobernu sistemak hobetzeari buruzko hausnarketa egin gura dute; eta, beste alde batetik, herritarren parte hartzea sustatu gura dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika berriak hiru zutabe dituela esan zuen Edurne Egaña diputatuak: "Erakunde publikoen arteko lidergo partekatua; lurraldeko erakunde eta eragileen arteko lankidetza publiko-pribatua; eta herritarrak politika publikoetan inplikatzea dira zutabeak. Hain zuzen ere, azken horretan sartzen da Kudeatuz proiektua". Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratu ditu hamar herritan gauzatuko duen proiekturako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak