Herriko uraren diagnosia egin dute bigarren urtez eskoletako ikasleek

Mireia Bikuña 2009ko eka. 16a, 14:52
Eskolako Agenda 21 proiektuaren barruan herriko uraren egoera aztertu eta ikertu dute herriko lau ikastetxeetako neska-mutikoek. Ikertutakoa azaltzeko eta eurek hartutako konpromisoen berri emateko Elkar Hezi-Mikel Aozaratzako, Txantxiku Ikastolako, Errekalde Herri Eskolako eta Zuazola-Larraña institutuko ikasleek osoko bilkura berezia egin zuten alkatearekin apirilaren 29an.

Bi lan mota

Ikasleek bi motako lana egin dute: alde batetik, ikastetxe barruan askotariko lanak egin dituzte; besteak beste, prezipitazioak eta tenperaturak neurtu dituzte, klimogramak egin dituzte eta errekako ekosistemak aztertu dituzte. Beste alde batetik, herri mailako diagnosia egin dute. Uraren inguruko hainbat irteera egin dituzte.
Ikastetxe bakoitzak ateratako ondorioak batzeko eskolarteko foroa egin zuten. Han, udalari aurkeztu beharreko proposamenak eta konpromisoak zehaztu zituzten.
Urari erabilera egokia emateko eta kontsumoa aurrezteko hainbat konpromiso hartu zituzten ikasleek. Esan zuten norbere etxean eta leku publikoetan (iturrietan, tabernatan eta komun publikoetan, besteak beste) ura hobeto erabiltzen ahaleginduko direla; txorrota zabaltzen dutenean beharrezko kantitatea erabiliko dutela; eta dutxak laburragoak eta xaboi gutxirekin egingo dituztela.
Era berean, gurasoekin batera, etxean neurriak hartuko dituztela esan zuten; besteak beste, ura aurrezteko sistemak jarriz. Adibidez, garbigailua beteta dagoenean bakarrik jarriko dute martxan. Gainera, esan zuten, uraren faktura irakurtzen ikasiko zutela kontsumoa kontrolatzeko.

Iturriak eta errekak

Bestalde, herrian dauden iturrien gaineko konpromisoak hartu zituzten. "Iturrietako urarekin ez dugu jolastuko eta ura edangarria eta ona bada, bertatik edango dugu", esan zuten.
Era berean, esan zuten erreketako kutsadura maila gutxitzeko ahalegina egingo dutela eta ez dutela zaborrik botako uretara.

Ikasleek egindako proposamenetako batzuk

iturriak

> Kaleko iturri askoren emaria litro eta erdikoa da, eta neurriak hartzea eskatu dute.

herriko instalazioak
> Ur depositoak jarri herrian.
> Autoak garbitzeko gune publikoa.
> San Lorentzo eta Errekalde arteko tunelean konponketak egitea.

kiroldegia
> Kantxako itoginak konpontzea.
> Kiroldegi zaharreko dutxetan tenperatura erregulatzeko sistema jartzea.

Erreka
> Lantegietako isurketak kontrolatu, eta errekak garbitzeko kanpaina egin.

fakturak
> Ur kontsumoa pertsonako neurtzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak