Ganbara abesbatzaren sanba erritmoek txalo zaparrada eragin zuten

Maider Arregi 2009ko mai. 17a, 11:59
Mistizismoz inguraturiko testuinguruan, San Migel Parrokiako klaustroan, Oñatiko Ganbara Abesbatzak sorpresaz beteriko emanaldia eskaini zuen barikuan, hilak 14. Lehen aldia da abesbatzak horren akustika berezia daukan lekuan emanaldia eskaintzen duena eta klaustroa jendez bete zen.

Esteban Urtzelai, Ganbarako Zuzendariak adierazitako moduan, "oihartzun handia dauka klaustroak, baina jendez betetzean soinuak puntu ezin hobea dauka bertan. Urduri geunden nola aterako ote zen, baina azkenean, emaitza ikusita oso gustura gelditu gara egindako lanarekin". Jendearen arrera ezin hobea izan zen eta batek baino gehiagok harriduraz miretsi zuen melodia ezberdinen akustika paregabea.
Errepertorioa oso berezia eta anitza aukeratu zuten. Lekua ikusita, Urtzelaik kontatu bezala, abesti erlijiosoak aukeratu zituzten. Hala ere, folklore ezberdinetako erritmo biziekin bikain uztartu zituzten abestiak. "Tokiagatik kutsu erlijiosoko abestiak abestu ditugu eta Euskal Herriko eta mundu osoko folklorea ere erakutsi nahi izan dugu".
Hala, Behe Nafarroako Urepeleko doinuekin eman zion hasiera Ganbarak emanaldiari. Bi abesbatzen arteko elkarrizketak giroa berotu zuen. Biebel konposatzailearen Ave Maria abestiak txalo zaparradak eragin zituen.  Primeran uztartutako ahotsek Jesus gurutzatu zuteneko pasartea emozioz kontatu zuten. 


Indartsu eta erritmo biziekin eman zioten hasiera Euskal folklorearen tarteari Sagastipean abestiarekin. Urteak dira jai giroa eta maitasuna kontatzen duen abestia ez zutela abesten. Hala ere, bertaratutako askok ezagutu zuten berehala.

Abesti berriak opari

Ikusleei opari polita egin zieten   eta bost abesti berri entzuteko aukera izan zen. Baina, benetan klaustroa dantzan eta erritmoz bete zuten abestiak One note samba abestiaren Brasilgo sanba doinuak eta Hamba Luluren doinu afrikarrak izan ziren. Bukaeran bis bat ere egin zuten.

Ahots bila

Barikuko emanaldian ahots berriak entzuteko aukera izan zen. Ganbara, 17 neskak eta 15 mutilek osatzen dute. Horregatik  mutilen ahots bila dabiltzala  kontatu zigun Urtzelaik. "Nahikoa da kantatzea gustatzea eta konpromisoa izatea. Nahi duenak Ganbarako ateak zabalik izango ditu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak