'Friendship' programan 18 ikaslek eta 23 oñatiarrek parte hartu dute

Mireia Bikuña 2010ko mar. 26a, 15:33
2009-2010 ikasturtean Lege Soziologia Institutuan masterra egiten egon diren ikasleak euren herrietara itzuliko dira gaurtik hasita. Hala, Friendship programak ateak itxiko ditu. Helburua zen, Antixena etxean egon diren atzerriko ikasleen integrazioa erraztea. Programa bukatu dute, eta guztiak, antolatzaileak, ikasleak eta herritarrak, oso pozik daude esperientziarekin.

Irteera asko

Nazioarteko Lege Soziologia Institutuko kideek Finlandiako Unibertsitatean martxan zegoen ekimenetik hartu zuten Frienship egitasmoa martxan jartzeko ideia. Deialdia egin zuten herritarren artean, eta 23 oñatiarrek erantzun zuten. "Lehen aldia izateko, erantzun ona jaso genuen", esan digu egitasmoko koordinatzaile Susana Arresek.
Irailean elkar ezagutu zuten guztiek, eta ordutik ekintza asko antolatu dituzte. Jakin dute Oñatiko jaiak nola ospatzen dituzten; herriko ondare historiko-kulturala ezagutzeko aukera izan dute; eta, oro har, Euskal Herriko txoko esanguratsuenak bisitatzeko aukera izan dute.
Lucero Ibarra (Mexico), Nandibaye Akingar (Chad) eta Stanislaw Golebioswki (Polonia) Friendship egitasmoko kideak izan dira. Hirurek oso gustura hartu dute programa, eta esan digute Oñati eta oñatiarrak ezagutzeko aukera zuzena izan dutela. Gaineratu digute, euren etxetik kanpo egin dituzten sei hilabeteak azkarrago pasa zaizkiela. "Etxetik kanpo egotea ez da erraza, eta egonaldia arinago egiteko lagunak beharrezkoak dira. Nik behintzat betirako lagunak egin ditut Oñatin. Axier, Idoia, Maite, Jon, Andoni, Eva, Ander... Eskerrikasko, bihotz bihotzez!",  dio Golebioswkik.

"Herritar gutxi"

Parte-hartzaile guztiekazpimarratu dute kultura ezberdinetako ohiturak ezagutzeko aukera izan dutela; besteak beste, Argentinako, Indonesiako, Italiako, Turkiako eta Sierra Leonako kideek parte hartu dute programan. Oñatiarrek ere esperientzia itzela izan dela esan digute, baina herritar gehiagoren inplikazioa beharrezkoa dela etorkizunean. "Oñatiar gutxi ibili gara. Hasieran gehiagok eman zuten izena, baina, azkenean gutxi batzuk ibili gara. Dena den, esperientzia oso aberasgarria izan da. Lagunak egiteko, euren ohiturak ezagutzeko eta ingelesa lantzeko aukera izan dugu. Hurrengo ikasturterako herritarrak gonbidatu gurako genituzke", esan digute Joseba Guridik, Maria Almeidak eta Axier Egañak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak