EAJko udal hautetsi izan diren guztiei omenaldi jendetsua

Iker Barandiaran 2009ko aza. 22a, 15:30
Ekitaldi berezia egin zuten zapatuan kultura etxeko zinema aretoan. Trantsiziotik gaur egunera arte Oñatiko udaletxean esku hartu duten EAJko zinegotzi eta alkateak omendu zituzten.

Ekitaldian bertan horietako batzuk hitza hartu zuten, eta 1979an eta 80ko hamarkadan hartutako lehenengo erabakiak azaldu zituzten. Hala nola, kiroldegia eta industrialdea egitea, herriaren izena euskaratzea... Horrez gain, bitxia izan zen Axun Arzuaga alargunak zinegotzi baten emaztearen ikuspuntua ematea ere.

Bestalde, EAJk eta Oñatik izan duten bilakaera azaltzeko, argazkien proiekzioa ere eman zuten. Asko eta asko hunkitu egin ziren Eli Galdos alkatea izandakoa eta beste batzuk irudietan ikusita...

Egibarren bultzada

Horren ostean, omendu guztiek agertokia hartu zuten eta dantzariek aurreskua eskaini zieten. Horren ostean, Lourdes Idoiagak hartu zuen hitza eta berarekin EAJko gaur egungo hitzak. Bukatzeko, GBBko presidente Joseba Egibarrek berbaldia egin zuen.


Lourdes Idoiaga. Oñatiko alkatea. "Gobernutik kanpo ere herria berdin eraiki daiteke".

Lourdes Idoiaga alkatea omendu egin zuten, besteak beste, zapatuan, baina berak bere udal taldekoekin konpartitu gura izan zuen.

Ekitaldi berezia eta hunkigarria...
Bai. Konturatuta nago beti alkatea agertzen dela alde guztietan. Horregatik, 30 urteotan lanean ibili direnei eta haien familiei merezitako errekonozimendua egin diegu. Horrez gain, gure artean ez daudenak gogoratzea berezia izan da. Irudikatu dugu Aloñan egongo direla guri begira lanari jarraipena egiten.

Zelan ikusten duzu EAJ, indartsu?
Bai. Nik uste nuen oposizioan egoteak gehiago eragingo zigula, baina ez. Jendea lanean dabil, parlamentuan proposamen asko egiten... Gobernutik bakarrik ez da lan egiten. Oposizio tinkoa, ez bakarrik kritikoa, eginda eta alternatibak emanda, herria berdin eraiki daiteke.

Zer erronka ditu EAJk Oñatin?
Ez dugu siglatan pentsatzen. Gure erronka nagusienak enplegua, hiriberritzea, berdintasuna eta gizarte politikak dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak