Datorren domekan egingo da Aloñako 5. igoera mendiko lasterketa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko api. 17a, 23:51
Astebete baino gutxiago falta da gurean biziko dugun urteko mendi lasterketa gogorrenetarikoa heltzeko, domekan egingo da-eta Aloñako igoera. Aurten bosgarren urtez, antolatzaileek dena dute gertu egun seinalatuan euren eskuetan dagoen guztia ondo joan dadin. Proba benetan gogorra da Aloñako igoera, lasterketa ez bada luzea ere, 2.200 metroko desnibelak oso proba gogorra egiten du

Lasterkari kopuruari dagokionez probaren antolatzaile Xanti Mendiolak jakinarazi du iazko kopurua mantendu egingo dela, hau da, guztira 270 korrikalari inguru. Horren harira, Mendiolak honakoa gaineratu gura izan du: "azken orduan gorabeherak izaten ditugu lasterkari zerrendan, eguraldia eta beste arrazoi batzuk direla medio". Debagoiendarrei dagokienez, ibarreko 54 lasterkarik eman dute izena.

Eguraldia, oinarrizko faktore
Mendi lasterketetan eguraldia faktore garrantzitsua da, eta Aloñako igoera ez da salbuespena. Euria eta hotzak lokaztu egingo du ibilbidea eta Aloñako tontorretik behera jaitsiko dituzten 1.000 metroak arriskutsuak izango dira. Eta gainera, probaren zeinu bereizgarri diren ikusleei ez die mesede egingo eguraldi txarrak. Aloñako tontorrean, korrikalarien zain, geldi eta bustita egotea ez baita oso gomendagarria.
Bero larregi ere ez da ona, lasterkarientzat batez ere. Lehenengo edizioan gogor jo zuen eguzkiak eta lasterkariak oinak egosita heldu ziren helmugara. Orduan hartu zuen Aloñako igoerak gogorraren fama.

Betiko ibilbidea
Proba Oñatiko plazan hasi eta plazan amaituko da, ohi moduan. Ibilbideak ez du aldaketarik izango. Plazatik kanposatura eta handik San Juan ermitara egingo dute lasterkariek. Hor, Arregirako bidea hartuko dute eta Lamiategira jaisterakoan ezkerretara egin eta Urtiagain (490 metro) izango dute helburu. Urtiagainetik gora malda gogorrak izango dituzte aurren atletek: Belar (922 metro) eta Aloñako gurutzea (1.288 metro). Igotzea gogorra da, baina proba ez da hor amaitzen. Tontorra eginda, korrikalariek Uribarritik egingo dute itzulerako bidea, Lezesarriko auzotik igaro eta San Estebango ermitatik Oñatira jaitsiz.
Bestalde, Aloñako igoerako parte hartzaileak lau kategoriatan banatzen dira: gizonezko seniorrak (18-44 urte), gizonezko beteranoak (45 urtetik gora) eta emakumezko beteranoak (40 urtetik gora).
errekorra, zincaren eskuetan
Ionut Zinca atleta gasteiztarrak ezarri zuen 2006an Aloñako igoerako errekorra: Ordu bat 13 minutu eta 23 segundo.

15,5 kilometroko luzera eta 2.200 metroko desnibela
Aloñako igoerak 15,5 kilometroko luzera dauka. Luzera, baina, ez da lasterketa hain gogorra egiten duena. Izan ere, lasterkariek gainditu beharreko desnibela da Aloñako igoera hain berezi egiten duena: guztira 2.200 metroko desnibel metatuari egin beharko diote aurre.
Ibilbidean korrikalariek sei postu izango dituzte edariak hartzeko, eta hiru postutan eskuratu ahalko dituzte jatekoak. Horretaz aparte, hiru kontrol izango dituzte ibilbidean zehar, nork bere denbora neurtzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak